Euskaragatik, historiagatik, kulturagatik... eta egindako beste lanengatik eskerrak eman gura dizkiote Jerardo Elortzari eta lagun talde batek omenaldia antolatu diote.
Ekainaren 1etik 9ra izango dira ekintza nagusiak, baina badira iraupen luzeagoa izango duten proiektuak ere. Adibidez, herriko hiru ikastetxeetako DBH3 eta DBH4ko ikasleek egingo dutena. "Asko lagundu digu Jerardok hiru ikastetxeoi eta omenaldi honetan parte hartzea gura genuen. Ohiko unitate didaktikoa prestatu beharrean, trenaren gaia lantzea pentsatu dugu. Euskarri digitalean lanean dihardute dagoeneko. Adibidez, izan dira Azpeitiko tren museoko zuzendariarekin. Beste ideia bat da lokomotora dagoen inguru horretan museo bat jartzea. Orain lantaldeak egingo ditugu eta gure asmoa da ikasleek eurak izatea lan osoaren ardura. Gainera, herriko curriculum-arekin lotuko dute proiektua eta udal webgunean eskegiko dute", azaldu du hiru ikastetxeen izenean Martin Jauregialtzok. Proiektu honen helburua zein den ere azaldu du: "Talde bat sortzea gurako genuke, gazte talde bat ondarean, historian, interesa duena".
Bilduma
Udalak, liburu bilduma bat eginez hartuko du parte omenaldi honetan. "Herritar ezberdinengana helduko den bilduma bat egin gura dugu. Oraindik zehazteko dugu zenbat alde izango dituen baina lehena Jerardo Elortzari buruzkoa izango da; bere izena izango du bildumak, gainera. David Zapirainen zuzendaritzapean Iñigo Biain oñatiarra ari da egiten eta asmoa da Gabonetarako kaleratzea. Bigarren alea hurrengo udaberrian argitaratzea da asmoa", azaldu du Nerea Zubiak martitzen arratsaldeko prentsa aurrekoan.
Omenaldia
Omenaldi ekitaldia ekainaren 9an izango da eta Euskaltzaindiako, Real Sociedad Vascongada de Amigos eta Eusko Ikaskuntzako ordezkariak izango dira, besteak beste. Horren aurretik, baina, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte, horien artean film proiekzio bat. "Berak parte hartutako lau lan ikusiko ditugu. Horietatik bi dira erreportajeak, Aita Lasari buruzkoa bat eta Aita Gandiagari buruzkoa bestea. Lope de Agirre filma ere botako dugu", azaldu du Agustin Goenagak.
Jerardo Elortzaren bizitza kultural eta akademikoaz jardungo du Juan Martin Elexpuruk ekainaren 4ko hitzaldian. Idoia Etxeberriaren ikus-entzunezko bat ere ikusiko da eta Paulo Anduaga agustinoaren hitzak ere entzungo dira.
Ekainaren 6an, mahai-ingurua egongo da. "1965-1980 tartean egondako kultur berpizkundearen lekuko izan ziren hainbat oñatiarrek berba egingo dute", azaldu du Kepa Elortzak.
Txartelak
Artixa elkarteak erakusketa antolatu du eta zabalik egongo da kultura etxean ekainaren 1etik 8ra. Natur eskolakoekin batera, berriz, irteera antolatu dute hilaren 17rako. "Araotzera eta Urrusulara joango gara eta lehengo lanbide zaharrak, haitzuloak, energia... eta beste hainbat gai izango ditugu hizpide", azaldu du Imanol Biainek.
Irteerara joateko autobusa egongo da. Doan izango da baina aurretik eman behar da izena udal euskaltegian. Omenaldi bazkarirako txartelak, berriz, Txokolateixian daude salgai.
Webgunea
Jerardo Elortzak egindako lanak webgune baten jasotzen ere ahalegindu dira omenaldia prestatzen ari diren herritarrak. "Dagoeneko martxan dago ataria, baina osatzen joango gara", esan du Garbiñe Garaik. Berarekin batera, Ander Lizarralde, Jotxo Larrañaga eta Irantzu Elortza ari dira jerardoelortza.eus ataria elikatzen.
Antolatutako ekitaldiak agendan daude ikusgai