Askotariko gaiekin eta ariketekin osatutako bertso jaialdi bizia eskaini zuten atzo gauean Zubikoan Lujanbiok, Arzallusek, Sarriegik eta Alberdik.
Gai ugari ukitu zituzten, baina presentzia izan zuenetako bat izan zen, Oxigenoa euskarari 6000 metrora ekimenaren bueltan osatu nahi den euskara-xerpa hiztegiaren gaiarengandik abiatutakoak. Bertsolariei xerpa hizkuntzan zortzi hitz eman zizkien Agirre jai jartzaileak, eta horiek euskaraz zein esanahi zuten kantatu behar izan zuten. Txinparta bertso eskolako Iñaki Olaldek adierazi du joko dezente eman zuela gaiak eta politak izan zirela abestutakoak.
San Isidro jaia pasa berritan, gai horren bueltan ere jarri zituzten bertsolariak. Bakoitzari egoera bat eman zien lehenengo Agirrek; baserritarra, idiekin feriara zioan abeltzaina, feriako desordena antolatu nahian zebilen udaltzaina, eta talogile baten ikuspuntuetatik kantatu behar izan zituzten bertsoak.
Beste ariketa batean, esaterako, Arzallusek erantzun behar izan zituen sei puntu, lauko txikitik hasi eta bederatzi puntukoraino. Ariketa "trebea, polita eta meritu handikoa" izan zela azaldu du Txinparta bertso eskolako Olaldek.
Pil-pilean dagoen Pablo Iglesiasen gaia ere jorratu zuten, besteak beste.