Harrobia handitzeko mamua uxatu egin da

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko mai. 4a, 10:05
Arantzazura bidean dagoen harrobiaren ikuspegi orokorra
EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak ontzat eman du Gomiztegiko harrobia ez handitzeko Oñatiko Udalak hiri antolaketa arauetan egindako aldaketa. Erabakia pozik hartu dute udalean, ustiatzen duen enpresak helegitea jar dezakeen arren
Arantzazuko harrobia handitzeko eskaera egin zuen hura ustiatzen duen Aridos Aloña enpresak duela hiru urte, eta, harrezkero, Oñatiko Udalak hainbat pauso eman ditu hori galarazteko. Debagoieneko zenbait eragilek babestutako Arantzazu Defenda Dezagun herri plataforma ere sortu zuten herrian egitasmo horren kontrako iritzia emateko. Handitzearen kontrako lanak bere bidea egin du eta Eusko Jaurlaritzak ontzat eman du Oñatiko hiri antolaketa arauetan egindako aldaketa, udalbatzak, aho batez, 2017ko urtarrileko osoko bilkuran hartutako erabakia.

Gaur egungo mugen barruan

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu Batzordeak onartu egin du aldaketa hori, Udalari arrazoia emanez, eta horrekin bukatu da harrobia handitzeko eskaeraren prozesuaren bide administratiboa. "Egia da bide judiziala gelditzen dela oraindik. Enpresa ustiatzaileak erabaki hori errekurritu dezake eta epaitegietara joan, baina erabakia administrazio goreneko sailak hartutakoa da eta zaila da epaile batek hori bertan behera uztea", azaldu du Mikel Biain alkateak.
 
Puntu horretara iritsita, beraz, esan daiteke Arantzazura bidean dagoen Gomiztegiko harrobia ez dela handituko, harrobiaren ustiapena gaur egungo mugen barruan egingo dela bakarrik. "Jaurlaritzaren erabakia pozik hartu dugu, bai. Pisu handia du horrek. Lurralde Antolamendurako Batzordeak hartutakoa da eta horrek Ingurumen Sailaren, Ur Agentziaren, Ondare Sailaren eta Industria Sailaren iritziak eskatu ditu erabakia hartu aurretik. Azkena ez beste guztiak handitzearen kontra azaldu dira. Albiste ona da, bai", dio Biainek.
 
Harrobia handitzeko proiektuaren asmoa 2015eko martxoa ezkero dator. Harrezkero, asmo horren kontrako mozioak, adierazpenak eta alegazioak jarri ditu Oñatiko Udalak, Jaurlaritzarekin bilerak egin ditu eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere azaldu zuten egoera zein den. Udalbatza osatzen duten alderdi biak, EH Bildu eta EAJ, handitzearen kontra azaldu izan dira, eta arauak aldatzea adostu zuten. Hiri antolaketako arauak onartu zirenetik udalez gaindiko hainbat arau onartu dituzte; Aizkorri-Aratz natur parkearen izendapena, bertako natur baliabideak antolatzeko plana eta kontserbazio bereziko eremu izendapena, besteak beste. Hori guztiori kontuan hartuta hiru artikulu aldatzea onartu zuen udalbatzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak