Txipistin programa, jatorri askotariko umeak integratzeko

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko mai. 4a, 09:07
Txipistin programan parte hartzen duten hiru neskatila, Igor Tome hezitzailearekin.

Udalak orain dela hamalau urtetik hona eskaintzen du hainbat jatorritatik Oñatira bizi izatera etortzen diren umeak eta nerabeak integratzeko zerbitzua; Txipistin izena jarri diote horri, eta, egun, 66 neska-mutikok eta hiru hezitzailek hartzen dute parte.

Hainbat jatorritatik Oñatira iristen diren umeak eta nerabeak herrian integratzeko helburuarekin sortu zen Txipistin programa. Izena berria da, baina zerbitzua bera duela hamalau urte jarri zuen martxan Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak. Dena dela, azken hiru urteotan gora egin du Oñatira etorritako 16 urtetik beherakoen kopuruak, eta zerbitzua indartu eta hirugarren hezitzaile bat kontratatu du Udalak. Gaur egun, 66 neska-mutikok hartzen dute parte Txipistin programan. Jatorriei dagokienez, gehienak arabiarrak eta Hego Amerikatik etorritakoak dira, baina badaude, esate baterako, Txinatik edota Afrikatik etorritako neska-mutikoak ere.

Helburuak

Hiru helburu nagusi ditu zerbitzuak: lehenengoa da euskara informala lantzea, ume horiek normaltasun osoz komunikatu ahal izan daitezen euren lagunekin eta baita kalean ere; euskara akademikoa lantzea da bigarren helburua. Ikasketetan hizkuntza ez jakitea oztopo bat izan daitekeenez, eskola porrotari aurre egin eta horretan lagundu ahal izateko adin tarte bakoitzari zuzendutako ariketak egiten dituzte; eta hirugarrena inklusioa bultzatzea da. Hala, euren adineko gainontzeko neska-mutilekin harreman naturalak izan ditzaten sustatzen da, herrian guztiz integratu daitezen.

Hiru taldetan banatuta

Etorkin guztien seme-alabei eskaintzen die Udalak Txipistin programan parte hartzeko aukera hori. Eskola orduetatik kanpora ematen den zerbitzua da, eta haurrak eta nerabeak talde txikitan banatzen dituzte euren adina eta euskara maila kontuan hartuta. Hiru talde nagusi bereizten dira: lehenengoa Oñatira iritsi berrien taldea da. Euskara maila apalena duten haurrek eta gazteek osatzen dute. Ludikotasunetik ahozko euskara maila egokia eskuratzea eta inklusioan pausoak ematea da talde horren helburu nagusia. Maddi Txintxurreta da bertako parte-hartzaileen hezitzailea, eta Bide Barrieta kaleko euskaltegian egiten dituzte saioak; eguraldi ona egiten duenean, kalean ere egiten dituzte ekintzak.

6 eta 9 urte bitarteko umeen taldea da bigarrena. Egunerokotasunari aurre egiteko euskara maila egokia duten haurrak daude talde horretan. Ikasketetan aurrera egiteko, euskara maila akademikoa lantzen dute eta euren adineko neska-mutikoekin harreman naturalak izatea sustatzen da, nagusiki. Igor Tome da horien hezitzailea eta San Juan kaleko bulegoan izaten dituzte saioak.

9 eta 16 urte bitartekoen taldea da hirugarrena. Gaztelekuan eskaintzen dituzte horien saioak eta Amaia Goitia da hezitzailea. San Juan kaleko bulegoan eskaintzen diren saioetan bezala, nagusiagoen talde honetan ere ikasketetan aurrera egiteko euskara maila akademikoa lantzen dute, eta gaztetxoak herrian integratzea dute helburu. Etorri berriekin diharduen Txintxurretak adierazi du hasieran "zaila" izaten dela eurekin komunikatzea, baina Tomek gaineratu du hasierako "shock" egoera horretatik pasa ostean, "polita eta aberasgarria" izaten dela taldean nola integratzen diren eta euskara zein azkar menperatzen duten ikustea.

Jarraipena

Ikastetxeekin ikasturte hasieran kokapen bilera bat egiten dute hezitzaileek, umeen egoerak ezagutzeko, eta hiru hilean behin ebaluazio edo jarraipen bilera egiten dute elkarrekin. Horietan jasotako informazioa, gainera, gurasoei helarazten diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak