Ikasturte amaierako aurkezpena egin dute Bizipoz programako parte-hartzaileek

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko mai. 3a, 11:05
Amaiera ekitaldian, Bizipoz programako parte-hartzaileak, pozik.

Zahartze aktiboa helburu duen Bizipoz programak eman dio bukaera aurtengo ikasturteari. Guztira, hemezortzi lagunek hartu dute parte aurten; hamahiru emakumezkok eta bost gizonezkok. Teknologia berrien eta ekonomiaren zortzi tailer egin dituzte eta bi proiektu garatu dituzte.

Eltzian egin dute ikasturte bukaerako ekitaldia Bizipoz programakoek eta antolatzaileek aurtengoaren balorazio positiboa egin dute.

Tailerrak

Alde batetik, tailerrak izan dituzte. Aurten, ekonomiari eta teknologia berriei buruzkoak. Horietako hirutan gainera, adituak izan dituzte: pentsioen gaia landu dute Urko Lopez ekonomialariarekin eta MUko irakaslearekin, Burulogy enpresako Irune Martinez ere izan dute teknologia berriak erabiliaz burua aktibo mantentzeko gakoak ematen, eta Oñatiko abokatu eta MUko irakasle Aitziber Arregi ere izan dute herentziei eta testamentuei buruz berbetan.

Proiektuak

Bestalde, bi proiektu ere garatu dituzte. Batetik martxa nordikoa, eta bestetik Artearekin hazten.

Martxa nordikoari dagokionez, hastapen ikastaro bat izan zuten apirilean Urdin Elortza irakaslearekin. Hasiera batean talde bat antolatu behar zuten, baina jende asko apuntatu zenez, bi talde egin zituzten, bata goizez, eta bestea, arratsaldez. Hemeretzi pertsonak eman zuten izena, hemezortzi emakumek eta gizonezko batek. Proiektu horren helburua da Oñatin martxa nordikoa praktikatzeko talde bat sortzea. Dagoeneko, ikastarora joan zirenek taldea egin zuten eta asmoa da orain noizbehinka kirol hori praktikatzeko geratzea. Antolatzaileek diote gainera, Udaleko kirol zerbitzutik talde horrekin elkarlanean proiekturen bat egin nahi dutela.
 
Artearekin hazten edo Creciendo con Arte da garatu duten bigarren proiektua. Lehenengo aldian hasi ziren horrekin eta Udalak gainera, Eltziako gela bat utzi dio talde horri. Aldi honetan, gela hori eta horren erabilera martxan jarri dute. Hazte pertsonala eta sormena lantzeko espazioa eraiki nahi dute bertan eta egitarau bat prestatu dute ondorengo hilabeteetarako.


    •    Maiatzaren 14an: sendabelarrak ezagutzeko irteera egingo dute 17:00etan.
    •    Maiatzaren 14an: ilargi berriaren zirkulua, 19:00etan.
    •    Maiatzaren 16an: sortu zure eskuekin tailerra, 17:00etatik aurrera.
    •    Ekainaren 13an: ilargi berriaren zirkulua, 19:00etan.
    •    Ekainaren 30ean: elkarri entzuteko tailerra 19:00etan.
    •    Uztailaren 13an: ilargi berriaren zirkulua, 19:00etan.
    •    Uztailaren 14an: sortu zure eskuekin tailerra, 17:00etatik aurrera.

Horietakoren batean parte hartu nahi izanez gero, hauek dira kontaktuak: 628 212 839 (Reyes) eta 697 761 569 (Mari Paz).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak