Euskadi Lagunkoia ekimenaren helburua "edadeko pertsonentzako herri lagunkoiak eta egokiak bultzatzea" dela dio Oñatiko EAJk bidalitako prentsa oharrean eta gaineratu du berriz eskatu diola Udal Gobernuan dagoen EH Bildu alderdiari programa hori Oñatin ezartzea. Oharrak dakar egun EAEko 50 herri baino gehiagok egin dutela bat ekimen horrekin, besteak beste, Debagoienako Aretxabaletak, Eskoriatzak, Antzuolak eta Arrasatek. "Udalen erronka nagusia dela politika eta proposamenak egungo gizarte heterogeneora egokitzea, non lehen aldiz elkarrekin biziko diren lau eta bost belaunaldi ere", diote jeltzaleak.
Jeltzaleek ohar bidez azaldu duten moduan, Age-Friendly Cities –Ciudades Adaptadas a las personas mayores– programan oinarritzen da Euskadi Lagunkoia ekimena. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sustatutako egitasmoa da, eta asmoa da edadeko herritarren parte-hartzea sustatzea auzoak eta inguruak hobetzeko. "Azken xedea da herri atsegina eta lagunkoia eraikitzea. Herri lagunkoia da edade guztientzako diseinatutako herria, edadekoek ere bere bizimodua autonomiarekin bizi izateko aukera eskaintzen duen herria, alegia. Edadekoen independentzia oztopatuko duen barrerarik ez daukan ingurua".
Eusko Jaurlaritzak bultzatu du OMEren Euskadi Lagunkoia programa, Matia Fundazioaren gidaritzarekin
gauzatzen da, eta bi erakundeon arteko lankidetza-hitzarmenaren bitartez finantzatzen da. "Oñati programako kide egiteko, Udalak bat egiten duenaren hitzarmena besterik ez litzateke behar" diote jeltzaleek.