Beratu jaialdiaren antolatzaileek prentsa ohar bidez jakin arazi duten moduan, aurreikuspenak "gainditu" ditu jaialdiak eta "gehiagoren gogoz" geratu dira. Apirilaren erdi inguruan egingo dute balorazio sakonago bat, baina "ia ziurra da aurrera begirakorik egongo dela". Lehen edizioaren inguruan adierazi dute: "lehen urtea zen, ez genekien ze harrera izango genuen,ez eta herritarren baitan ere nola txertatuko zen ekimena. Oso erantzun ona izan da alde horretatik eta gehiagoren gogoz geratu gara”.
Programazio arduradunaren iritziz, "musikaren alde hurbila lantzea zuen helburu jaialdiak eta, kontzertuez gainera, gogoeta eta eztabaidak ere lekua izan dute. Hurrengo urtean ere helburua ez da izango kontzertu handiak egitea, musikaren hurbileko aldeaz gozatzea baizik".
Uneak
Edizio honetako unerik "gogoangarrienen artean", Maria Arnal i Marcel Baguesen kontzertua aipatu dute, "proposamen ezberdin eta hunkigarria" izan zelako. Beste alde batetik, Ahotsenean topatuko gara ekimenean, Euskal Herriko programatzaile, artista, diskoetxetako arduradun eta agente ezberdinak bildu ziren, euskal musikaren egoeraz hausnartzeko, ekimena, antolatzaileen ustez, "oso ondo baloratua egon da eta ideia
interesgarriak atera ziren". Beratu Txiki jaialdian, "hamarka haurrek" musika sortzeko ikastaro bat jaso zuten Makalaren eskutik: "berezia izan da haurrei ere jaialdi honetan lekua eskaintzea, sormenerako tartea eskainiz gainera". Audience,Delorean eta Lumiren kontzertuek ere 200 lagunetik gora bildu zituzten antolatzaileen esanetan.
Aurtengo ekitaldiaren alde nabarmenenak ere aipatu dituzte: "eskaintza kultural interesgarria, kontzertu bereziak ikusteko aukera eta datozen urtetarako, Beratu jaialdia, Euskal Herriko panorama musikalean agendan gordetzeko data gisara aurkeztu da".