Arantzazura erromes, 'Amarenean denok etxeko' lelopean

Iker Oñate 2018ko mar. 24a, 13:30

Eliztar ugarik egin dute bat gaurko hitzorduarekin –zapatua–, Amarenean denok etxeko lelopean. Urteroko ohiturari jarraiki, erromesaldia egin dute Arantzazura. Eta meza santua izan dute bertara iristean. Bestetik, Munillaren kontrako elkarretaratzea izan da Arantzazun, Oñatiko sare feministak deituta.

Aurreikuspenen kontra, gorako bidean lagun izan dute eguraldia: Arantzazura iritsi arte ez dute euririk izan –ibilbidea lasaiago egitea ahalbidetu die horrek–. Ohi moduan, errezoak eta kantuak entzun dira erromesaldian. Eta sona handiko eliztarrak izan dira bertan, Donostiako gotzain Jose Ignacio Munilla, tartean; berak gidatuko du Arantzazuko Santutegian egin duten meza santua.

Hain zuzen ere, uste baino beranduago hasi dute ibilbidea –9:30ean–, eta lehenago bukatu dute; Arantzazun ziren 11:30ean –12:00etan iristea aurreikusten zuten–. Aurtengoan, baina, ohi baino jende gutxiago bildu du hitzorduak. "Eguraldi kaskarra zegoen iragarria. Eta, gainera, aurtengoan ez dago Iñaki [Beristain]. Bere falta sumatu dugu. Jende asko erakartzen zuen", azaldu dute Arantzazuko Santutegikoek.

Dena den, horrek ez du herri ezberdinetako jendearen parte hartzea ekidin –autobus antolatuak iritsi dira–. "2000. urtetik hona, urteroko hitzordu bilakatu da. Jendeak bere egina du erromesaldian parte hartzeko ohitura. Herri askotako eliztarren bilgune bilakatu da", diote egitasmoaren bultzatzaileek. Besteak beste, Aiako, Zarauzko eta Donostiako jendea izan da erromesaldian. "Arantzazuko Amari benetako bisita egitera etorri gara hona, urtero lez", esan du Aiako emakume batek. "Betidanik izan dugu Arantzazura etortzeko ohitura. Jarraipena eman gura diogu horri", gaineratu du Donostiako gizon batek. Familia giroan etorri da bera: "Egun atsegina da familian igarotzeko, errutinatik ihes egin eta haurrekin hitz egiteko, besteak beste".

Lampedusako gurutzea eroan dute erromesaldian.

Lampedusako gurutzea

Besteak beste, munduan zeharkatzen diharduen Lampedusako gurutzea eroan dute erromesaldian. Lampedusan ondoratutako txalupez eraikia dago hori. "Migratzaileen drama salatzea du helburu, eta, horrekin batera, jendearen kontzientzia astintzea bilatzen du. Europak ezin die euren herrietatik iheska dabiltzan horiei bizkarra eman. Besteak beste, hori salatu gura du gurutzeak", azaldu du Unai Manterolak, Donostiako Elizbarrutiko kideak.

Zehatz esanda, Lampedusara eginikoa izan zen Frantzisko Aita Santuaren lehen bidaia ofiziala. Eta 366 etorkin hil ziren bertan hilabete gutxi beranduago. Hori horrela, hondoratutako itsasontzi horiekin egindako gurutzea eroan zion artista batek Aita Santuari; eta munduan barrena eramateko agindua eman zuen berak –Gipuzkoan da orain–. Arantzazuko ekintza bukatuta, ostera, Bergarara eroango dute gurutzea.

Munillaren aurkako protesta

Modu berean, Munillaren kontrako elkarretaratzea egin dute zenbait talde feministek: Munilla, deabrua zure bila zioen pankartarekin egin diote harrera Donostiako Gotzainari. "Euren muturreko adierazpenak guztiz onartezinak direla esan gura diegu Munillari eta berorrek ordezkatzen duen sektoreari. Emakumeok ez gara isilik, geldi eta ezkutuan egongo. Ez gara inor zerbitzatzeko jaio", azaldu dute Oñatiko sare feministako kideek. Eta gaineratu dute "beharrezko den guztietan" emango diotela "ongi etorria" Munillari, prest direla harentzat "infernu propioa bat eraikitzeko".

Elkarretaratzea egin dute Oñatiko sare feministak deituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak