Bob Dylan, David Bowie, Van Morrison, Beatles, Rolling Stones, Neil Young, Errobi eta beste hainbat musikari eta talde omendu izan ditu Javier Corral Jerry Bilboko musika kazetariak 2011an abiarazi zuen Izar&Star ekimenak. Eguaztenean egin zuten azkena, Ruper Ordorikaren kantuak oinarri hartuta, oraingoan.
Oñatiko musikariari omenaldia "Ordorikaren miresle handia da Corral eta aspalditik zuen haren omenez saio bat egiteko nahia", dio Fermin Etxegoienek, eta zera gaineratu du: "Ordorikak aurrez parte hartu zuen ziklo horretan Elvis Costeloren kantuen bertsioak egiten, eta garai hartan argitaratu zuen Azukre Koxkorrak euskal kantuen bertsioak batu zituen lana. Udazkenean kontatu zidan Jerry-k zuen asmoa, eta aurkezle lanak egitea proposatu. Aurkezpen soil bat egin beharrean Ruperzale domestikoen ordezkari moduan aurkeztuta nire burua, gitarra eskuetan eta bakarrizketa formatuan, Ordorikaren ibilbidea gainbegiratu nuen nire bizipenekin harilkatuta. Urduri nengoen baina asko gozatu nuen".
Bakoitzak bere Ordorika
Tarteka aurkezlea agertokira igotzen bazen ere, musikariek elkarri lekukoa hartuta eskaini zuten bi ordutako Rupertorioa Kafe Antzokian. Bakoitzak bere izaerara moldatu zituen kantuak, originaletik gertuago batzuk,eta esperimentalagoak besteak. Banekien abestiarekin Ixiar Orejak eta Don Inorrez taldeak zabaldu zuten zerrenda; segidan igo zen Mikel Uraken bilbotarra.
Bernardo Atxaga idazlea izan zen hurrengoa. Etiopia liburutik abiatuta, eta Athletic eta Leganesen arteko partidu bati keinua eginda, ohikoa duen irudi serioarekin apurtuz, barrez jarri zuen publikoa; gaueko sorpresa harrigarrienetakoa izan zen. Petti eta Balerdi Balerdi taldeak indartsu defendatu zuten ondoren, Rupertorioko beste hiru ale eder; eta Miren Narbaizaren Mice taldearen proposamenak arreta piztu zuen jarraian. Ken 7 taldeak borobildu zuen gaua publikoak ere ozen abestu zuen Ene Begiek abesti ezagunarekin.
"Bitxia, antologikoa, etorri beharrekoa", horiek, argiak piztu zituztenean ikusleek ziotena. Aretoa beteta zegoen, baina, publikoan hutsune bat sumatzen zen, Ordorika falta zen.