Zibilizazio ezberdinak irudikatuz, kalejiran

Iker Oñate 2018ko mar. 16a, 10:15

Egitasmo berriarekin datoz Ganbara Kantu Eskolakoak. 'Arkeologoak' ikuskizunarekin bustiko dituzte bihar herriko kaleak. Eta, horrez aparte, bi emanaldi eskainiko dituzte gaztelekuan. Imanol Urbietaren omenezko keinurik ere prestatu dute.

Egitasmo berriaren prestakuntzan buru-belarri jardun ostean, egindakoa erakusteko unea iritsi zaie Ganbara Kantu Eskolakoei; Ganbara Txikiko zein Txikitxoko kideez aparte, abesbatzaren tailerretakoek eta Ikastetxeak Kantarikoek ere esku hartu dute horretan. Hala, 120 neska-mutiko inguruk jardungo dute herriko kaleetan, Arkeologoak ikuskizunaren bidez, historian zehar izaniko zibilizazio ezberdinak berreskuratuz.

Eta egun osoan zehar egongo da zer ikusi –bihar–. Zehatz esanda, 12:00etarako finkatu dute lehen hitzordua. "Herriko kaleetan izango gara kalejira eder batekin. Pieza eta koreografia ezberdinak izango dira gozagai", diote Ganbara Faktoriakoek. Esan moduan, historian zehar izandako zibilizazio ezberdinak irudikatzea da euren asmoa: "Momiak, erromatarrak, greziarrak, egiptoarrak eta txinatarrak, besteak beste".

Dena den, eguneko ekimena ez da hor bukatuko. Horrez aparte badute beste emanaldirik finkatuta: kalean zeharreko ekintza bukatuta, Arkeologoak ipuin musikatua izango da gozagai gaztelekuan. Hain zuzen, bi emanaldi eskainiko dituzte arratsaldean –17:00etan eta 18:30ean–. Sarrerak aurrez jarri dituzte salgai, 5 euroren truke; Txokolateixan eros daitezke.

Iraganera bidaia

Arkeologoak ipuin musikatuak iraganera egindako bidaia du erdigunean, Takik eta Tutek bere lagun momiarekin egindakoa. "Zibilizazio ezberdinak ezagutzen dituzte esperientzia horretan. Garrantzitsua da hori. Kontuan izan behar dugu horiek guztiek eraiki dutela gaur egun ezagutzen dugun mundua", azaldu dute. Hori horrela, Mesopotamia goiztiarreko nekazariak, Egiptoko momiak eta abesbatza grekoko kideak ageri dira ikuskizunean.

Eta bereziki haurrei zuzenduriko ikuskizuna bada ere, Ganbarakoek ez dute adin mugarik jarri: "Edozein adineko jendeak goza dezake ikuskizunarekin; ez da adin mugarik. Dekoratu bereziak eta musika paregabea izango dira gozagarri".

Imanol Urbieta akorduan

Zapatuko emanaldia ez da edozelakoa izango, omenaldi kutsu bat ere eman gura baitiote Ganbarakoek: Imanol Urbieta musikari eta idazlea izango dute gogoan. "Urbietaren kantu esanguratsuenak izango dira entzungai ekitaldiaren lehen zatian. Tartean daude Jon Braun, Ran Rober Ran eta Txoria nintzela abestiak", argitu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak