Apirilaren 13an beteko da urtebete Arantzazuko aterpetxea zabaldu zutela. Ordutik otsailera bitartean ia 800 lagunek hartu dute ostatu han. Aterpetxearen ardura duen Joseba Longartek balorazio positiboa egiten du: "mugimendua egon da, bai. Pertsona asko eta toki oso ezberdinetatik etorri dira, eta poztekoa da hori".
Zanbiatik
Bisitari gehienak euskal herritarrak izan dira, baina Granadatik, Madriletik, Frantziatik edo Zanbiatik ere etorri dira, adibidez. "Bakoitza etorri da bere zereginetatik, bere mundutik, eta beste lagun batzuekin egin du topo hemen. Eta denak konpondu dira ondo. Ikaragarria izan da hori ikustea. Harritzekoa da zer nolako harremana sortu den euren artean. Harreman horrek, gainera, jarraipena izan du kasu askotan. Asko bete nau horrek", dio Longartek.
Etorri diren askok ez zuten Arantzazu aurrez ezagutzen eta inguruarekin liluratuta gelditu direla dio Longartek: "Natura aldetik bai, baina artea maite dutenak ere aho zabalik gelditu dira hemengo margoekin, arkitekturarekin eta eskulturekin". Aterpetxean behin baino gehiagotan egon direnak ere ezagutu ditu Joseba Longartek: "Zanbiako gizon bat, esaterako, Europara datorren guztietan etortzen da hona. Uztailean izan zen lehen aldiz eta harrez gero lau aldiz egon da. Bisita horietako batean, gainera, pintxo pote mikologikoa tokatu zitzaion parean eta asko disfrutatu zuen. Auzotarrak ere nahasten dira eurekin, eta denendako da aberasgarria hori".
Uztaila izan zen jende gehien egon zen hilabetea; 350 lagunetik gora. Ekainean, abuztuan eta irailean 100 bat lagun egon ziren hilabete bakoitzean eta gainerakoetan, gutxiago. "Ikusi dut jendea iluntasunak beldurtzen duela, ez eguraldi txarrak".
Hiru talde
Aterpetxearen erabiltzaileak hiru taldetan banatu ditu Longartek: "Erromesak, Inaziotar bidea egiten ari direnak, gau bakarra egiten dute eta Urbiatik Araia aldera joaten dira gero. Beste batzuk kirolariak, espeleologia gustatzen zaienak edo mendira joateko planekin datozenak izaten dira. Eta hirugarren taldean daude ikastetxeetatik datozen gaztetxoak edo asteburu pasa etortzen diren familiak".
Erreserbei dagokionez, gero eta gehiago Booking-ekin lana egiten dutela dio. Aste Santurako, adibidez, dagoeneko badituzte erreserba batzuk eginda bide hori erabilita.