Satira politiko gisa aurkeztu zenuen Eusklabo Alaiak lana. Baina hori baino gehiago, saiakera politikoa ere bada.
Bai, zergatik ez? Askok esan didate, eta ados nago. Azken batean, politika egin nahi izan dut. Garai nebuloso hauetan ikusten nuena islatu dut, eta, zentzu horretan, oso ariketa terapeutikoa izan da. Eta, gainera, amaiera positiboa eman diot.
Zertaz ari zara "garai nebulosoak" diozunean?
Ni kezkatuta nago Euskal Herriaren egoeraz. Franco hil ondoren uste genuen demokraziarekin gure herriaren bideak modu askean eraiki ahalko genituela. Baina monarkia honen 40 urteetan, aurreko urteen berdina eduki dugu. Eta nik galdetzen dut: azken lau hamarkada hauetan zertan egin dugu aurrera? Nik argi daukat estrategia nazional baten ikuspegitik, atzera egin dugula. Behin eta berriz zapaltzen gaituenaren amua irensten aritu gara. Orain, Espainia hondoa jotzen ari da, eta guk berdina egingo dugu?
Saiakera politikoa, bizi-bizi.
Gehiago da eztabaidarako materiala, dogmak zalantzan jarri eta eztabaidatuz aurrera jarraitzeko.
Dena den, eleberria baikor amaitzen da. Eta askatasuna lortu duten beste hainbat herri aipatzen dituzu.
Bai; zapalkuntzak aurrera jarraitzen badu ere, antolatzen bagara lortu dezakegu, ez gara kondenatuak, eta munduan hainbat herrik lortu dute independentzia.
Aipatzen diren beste kasuak, baina, ez dira oso gertukoak.
Nik eman nahi izan ditudan adibideak garaitu dutenenak dira. Geure burua ezin dugu alderatu frakasatu duten proiektuekin, garaitu dutenekin baizik. Ortuzarrek aipatzen du euren eredua Quebec eta Eskozia direla, baina nola? Galdu egin dute, baina!