"Herriko diagnostikoa" egiteko oñatiarren parte-hartzea lortu nahi du EH Bilduk

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko mar. 7a, 15:57

Artxiboko irudia.

Oñatiko EH Bilduk etorkizunerako herria irudikatu nahi du herritarren laguntzarekin. Arlo ezberdinei buruzko lan taldeak osatu eta 2018ko ekaina bitartean "herriko diagnostikoa" egitea dute helburu. Ostean, diagnostiko horretan oinarrituta, irailetik urte amaiera bitartean Herriko Plangintza burutzeko asmoa adierazi dute.

"Oinarriak berritzeko garaia iritsi zaigu"

2011tik egindako ibilbidearen balantze "erabat positiboa" egin du Oñatiko EH Bilduk; hutsegiteak eta akatsak "ahaztu gabe". Zazpi urteko ibilbidearen ostean, "berritzeko" apustua egin nahi dute, alderdi politiko "parte-hartzaileagoa, irekiagoa eta inklusiboagoa" izateko.

Eraldaketa hori gauzatzeko herritarren parte-hartzea bilatzen du alderdi politikoak. "Ideia eta proiektu berriak ekarriko dituzten pertsona eta sektore independenteak barnean hartzen dituen subjektu politikoa" izatera igaro nahi du Oñatiko EH Bilduk. Helburu horri eutsiz, etorkizuneko Oñati irudikatzeko honako lan taldeak osatu gura dituzte:

  • Politika soziala: arreta soziala, kultur eta jatorri aniztasuna, aniztasun funtzionala, zahartzaro aktiboa,...
  • Sozioekonomia: enplegua, industria, merkataritza, turismoa, lehen sektorea,...
  • Kirola
  • Lurralde Antolamendua: hirigintza, azpiegiturak, mugikortasuna, eredu energetikoa, hondakinak,...
  • Kultura
  • Euskara
  • Hezkuntza
  • Gazteria
  • Berdintasuna

Hitzaldi zikloa 

Ekaina bitartean, hitzaldi zikloa antolatu du Oñatiko EH Bilduk. Martxorako hiru solasaldi antolatu dituzte. Lehena, gaur, martxoaren 7an izango da. Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile nagusia etorriko da eta 19:00etan izango da solasaldia Santa Ana antzokian. Miren Arregi kazetariak gidatuko du elkarrizketa.

Hurrengo solasaldia martxoaren 14an egingo da, pentsioei buruz jardungo dute Elena Franco Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatu ohiak eta Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideak. Hau ere Santa Ana antzokian izango da 19:00etan.

Hileko azken solasaldia martxoaren 27an izango da, martitzena. Eredu energetikoa izango du oinarrian eta solasaldiko gonbidatuak Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea eta Dani Maeztu legebiltzarkide ohia izango dira. Eredu energetikoa: nora goaz? Trantsizio energetiko baten beharra izeneko hitzaldia 19:00etan hasiko da, kasu honetan Kultura Etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak