Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak adierazi duenez, "Araotzeko auzotarren eskaera kontuan hartuta, orain, obrei jarraipena emango diegu eta errepideari 5,40 metroko zabalera emango zaio 1,065 eta 1,300 kilometro puntuen artean”. Gaur egun errepideak batez beste, 4,50 metroko zabalera eta 4,4 kilometroko luzera dauzka. Errepide hori auzotarrez gain, eskalatzaileek, mendizaleek edota turistek ere sarri erabiltzen dute.
Hobekuntza lanak
Gipuzkoako Foru Aldundiak ondorengo lanak zehaztu ditu: "Egingo diren lanen artean, hasierako tartean, mendia hondeatuko da eta harri horma egonkortuko da hormigoizko geruza, burnizko sare eta buloiekin. Drainadura sarea berritzeko hormigoizko areka berria egingo da eta, gaur egun dagoen manposteriako petrila eraitsi eta harlangaitzezko petril berria egingo da 235 metroko luzeran. Bukatzeko, tarte guztian, zorua eta seinalizazioa berrituko dira (1,065 eta 1,210 kilometro puntuen artean). Gainera, errepidearen azken 100 metrotan (1,200-1,300) betelana egingo da".
Honi lotuta, Oiarbidek gogorarazi du errepidean 2010ean egin ziren bestelako lan batzuk; "drainatze eta euspen elementuak hobetzeko lanak egin genituen errepide honetan, baina aurreko legealdian ez zitzaion zabalera gehiago eman", esan du.
2010eko obrei jarraipena emango zaiela esan du Bide Azpiegituretako diputatuak, eta horrekin segurtasuna irabaziko dela nabarmendu du: "Kontuan izan behar da gaur egun bi ibilgailuk ezin dutela gurutzatu eta bazterbiderik ere ez dagoela, eta bi ibilgailu aurrez aurre suertatuz gero, arrisku egoerak sor daitezkeela”.
Proiektuaren aurrekontua 160.000 eurokoa da eta 2,5 hilabeteko exekuzio epea dauka. Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa da proiektua aurtengo bigarren seihilekoan burutzea.