Eguazten iluntzean, atzo, egin zuten Euskaraldia, 11 egun euskaraz egitasmoaren aurkezpena osoko bilkuren aretoan. Zer ekimen den, nondik datorren eta zer lortu gura duen azaldu zuten, besteak beste, eta ekimena Oñatin nola gauzatu pentsatzeko hitzorduak jarri zituzten.
Lan-ildoak
Udaleko Euskara Saileko ordezkariez gain, Topaguneko Iker Martinez de Lagos eta Jurdana Martinez izan ziren aurkezpen saioan. Hogei bat lagun joan ziren ekitaldira. Herritarren inertziak astinduz hizkuntza erabilera aldatzea du helburu egitasmo horrek, eta Oñatin ere horixe lortu gura da, erabileran arreta jartzea eta euskara erabiltzea. "Egia da hemengo euskararen erabilera datuak oso onak direla. Gazteen datuek diote, esaterako, %92k euskara erabiltzen dutela, eta umeenak ere oso onak dira. Arnasgune baten bizi gara baina helduen datuak, adibidez, jaitsi egin dira, eta hor badago non eragin", dio Euskara zinegotziak, Nerea Zubiak. Eta gaineratu du: "Oñatin bertan euskara erabiltzeko ohitura badugu, bai, baina
beste herri batera goazenean ere bai? Hori ere hausnartu beharko genuke".
Eta erabilera hori nola sustatu eta nola aldatu pentsatzeko saioak egingo dira martxoaren erdi inguruan: martxoaren 13an eta 20an, Euskaldun Berria gelan, 18:30etik 20:30era. "Saio horiek Topaguneko kideek dinamizatuko dituzte, eta izango dira gaiari buruz berba egin, herriaren definizio bat egin eta lan-ildoak adosteko. Saio horiek ez dute konpromiso gehiagorik eskatzen, baina bai ekarpenak egitea edo egitasmoa martxan nola jarri erabakitzen laguntzea. Herritar guztiak animatu gura ditut saio hauetan parte hartzera. Saio horien ostean sortuko den batzordea izango da gero abendura bitartean egitasmoa zabalduko duena", gehitu du Zubiak.
Abenduan
Azaroaren amaiera eta abenduaren hasiera bitartean egingo da Euskaraldia, 11 egun euskaraz egitasmoa Euskal Herri osoan, eta, bitartean, herri bakoitzean bere egoerara egokitutako ekitaldiak egingo dira. Egun
horietan euskaraz egiteko konpromisoa hartzeaz gain, herri euskaldunetan euskarazko produktuak kontsumitzeko mezua bidaltzea ere bada beste ideietako bat. Abendua heldu bitartean ere izango du presentzia Euskaraldiak Oñatin.