Zer da Euskaraldia?
Hizkuntzaren erabilera ohiturak aldatzeko ariketa soziala da, herritar euskaldunak aktibatuz.
Eta nola egingo da hori Oñatin?
Helburu batzuk baditu egitasmoak, baina egia da herri bakoitzaren egoera soziolinguistikoaren arabera aldatu daitezkeela. Oñatin bere neurrirako ekintzak egingo dira.
Eta nola antolatuko da?
Eguazteneko aurkezpenean egitasmoa bera azalduko dugu: nondik datorren, nola garatu den, nortzuk babesten duten, dituen helburuak, datak... Eta datozen asteetan bi saio egingo dira dinamika parte-hartzailearen bidez. Batzorde bat osatuko da eta bederatzi hilabetez lanean jardungo du hizkuntza erabilera aldatzen laguntzeko.
Ahobizi eta Belarriprest. Zer dira kontzeptu horiek?
Azaroa eta abendua bitartean egingo da Euskaraldia, 11 egun euskaraz egitasmoa Euskal Herri osoan eta egun horietan Ahobizi edo Belarriprest txapa jantziko dute herritarrek. Lasarten sortutako kontzeptuak
dira biak. Ahobizi txapa eramango dute hamaika egun horietan euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzen dutenek. Belarriprest txapak, berriz, euskaraz ulertu bai baina hitz egitea kosta egiten zaienek. Irailean zabalduko da epea herritarrak Ahobizi edo Belarriprest izan gura duten erabaki eta izena emateko.
Herritarrek hartuko duten konpromisoaren araberakoa izango da?
Bai. Pertsona bakoitzak bere gaitasunen arabera eta egin gura duenaren arabera erabaki dezake kontzeptu baten edo bestearen alde egitea.
Zer egingo da Euskaraldia Oñatin zabaltzeko?
Egingo diren saio dinamikoen ostean sortuko den batzordearen esku egongo da zabalkunde hori antolatzea eta gidatzea. Topaguneko kideok ere laguntzeko egongo gara, baina herri bakoitzean herrian sortutako batzordea izango da eragile nagusia. Funtzio batzuk erakutsiko edo emango zaizkie talde horretako kideei, adibidez, formazio tailerrak eskainiko dira, baina eurek erabakiko dute Euskaraldia nola bistaratu Oñatin.
Nortzuk egongo dira batzorde horretan?
Herritar guztiek dute tokia hor. Norbanakoek zein eragileek har dezakete parte. Eta ez bakarrik euskalgintza inguruan dihardutenek, baita bestelakoek ere. Zenbat eta batzorde osatuagoa izan, orduan eta hobeto. Horixe da lortu gura dena. Ohiturak aldatzea, askotan, ez da samurra izaten.
Nola erraztu daiteke hori?
Ohiturak inertzien ondorioz sortzen diren praktikak dira, gehienetan, eta inertziak astindu gura ditugu erabilera praktikak aldatzeko. Ohitura aldaketa modu kolektiboan egitea errazagoa izango dela iruditzen zaigu, babestuago sentitzen garelako.
Zergatik orain Euskaraldia?
Euskaraz hitz egiteko gaitasunak hazkunde handia izan du urteetan, baina erabileraren datuak egonkorrak dira azkenaldian eta alarma piztu du horrek. Uste dugu momentu egokia dela urrats berriak egiteko eta erabilera indartzeko.
Noiz eta non izango da aurkezpen ekitaldia Oñatin?
Datorren eguaztenean, otsailak 28, izango da, 18:30ean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Egitasmoaren nondik norakoak azalduko ditut nik eta egitasmoa Oñatin nola kaleratu pentsatzen hasiko gara gero. Hurrengo saiorako datak ere aipatuko ditugu. Denak daude gonbidatuta.