"Zortziko txikiko bertsoa ona atera zitzaidan, eta gora egin nuen"

Eneko Azurmendi 2018ko ots. 22a, 15:08
Urko Arregi.

Txinparta Gazte Sariketako txapelduna da Urko Arregi. Ordura arte bikotekide izan zuen Gartxot Ramirezi gailendu zitzaion oñatiarra buruz burukoan.

Zorionak! Azkenean, txapela etxean geratu zen, zuk nahi moduan.

Eskerrik asko! Bai, hala da. Gogotsu joan nintzen gaztetxera, saio polita egiteko intentzioarekin. Hasieran, zortziko handian, nahiko galduta sentitu nintzen, baina gero, zortziko txikiko lehen bertsoa ona atera zitzaidan, eta gora egin nuen. Bukaerarako, esango nuke saio txukuna atera zitzaidala.

Buruz burukorako oso justu sailkatu zineten, puntu bat baino gutxiagogatik. Lehia estua egon zen, ezta?

Egia esan, ni nire baitan nengoen atzean eta ez nuen saioa askorik jarraitu. Nik, momentu hartan, Ane Beloki eta Iraitz Sarasola ikusten nituen indartsuen, nahiz eta, gerora, jendeak esan gu hobeto ibili ginela. 0,6 punturen aldea egon zen gure eta haien artean, baina Oihana Arana eta Garazi Navarro ere ez dut uste askoz atzerago geratuko zirenik.

Buruz burukoan ondo aritu zinen.

Aurretik egindako lanaren ostean, gogotsu nengoen kanturako, eta hori transmititu nuen, saio txukuna eginez. Gartxot momentu batzuetan estu samar ikusi nuen, baina hark ere oso saio polita egin zuen.

Txapelketa zer moduz joan da?

Lehenengo aldia izan da eta momentu batzuetan berandu ere ibili gara zenbait gauzatan. Hala ere, oro har, balorazio guztiz positiboa egiten dut. Herriko eta inguruko bertsolariei abesteko aukera eskaintzea izan da helburua, eta jendea hurbildu da gu entzutera. Beraz, pozik gaude sariketak emandakoarekin.

Datorren urtera begira, errepikatzeko asmorik?

Aurten izan duen harrera kontuan hartuta, errepikatzea nahiko genuke, bai. Ikusiko dugu formatua mantendu edo beste buelta bat eman.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak