Gaztetxean bildutako publikoak eskertu zuen sei bertsolarien ahalegina; horretan denak ibili ziren parean, kantuan, baina, bikote bakoitzeko bat nabarmendu zela esan daiteke.
Agur puntuagarrien ostean, Oihana Arana izan zen lehen ofizioari ekin ziona. Tortura kasua aztertzen ari ziren Europako bi epaileren lekuan jarrita, Iraitz Sarasolak zigorrik merezi ez zuela uste zuenaren lekuan jarrita kantatu zuen, eta Aranak zigortzearen aldekoarenean: Epaileak gara ta nahiz ta izan lankide eta gertuko / hau zigortu beharra dago gaur, bai, behar da eta punto / nola ez duzu holako auzi bat oso gogor zigortuko / injustiziak bestela ez dira sekula ere amaitukobota zuen lehen bertsoan, txukun, eta hala jardun zuen saio osoan zehar. Beretik aberastu zuela eta, "oso gustura" zen amaieran.
Urko Arregik, berriz, zioen hasieran "deseroso" hasi zela, baina zortziko txikiko lehenengo bertsoa "nahi moduan eta borobil" atera zitzaiola eta hortik "gora" egin zuela eta "gustura" ibili zela. Eta ez zitzaion arrazoirik falta, kontratua eskatzen zuen euren –bera eta Ane Beloki– ardurapeko langilearen eskaerarenean gaiaren muinari erabat heldu ezinda ibili eta gero –ariketaren zati baten, behintzat–, San Balentin eguna zela-eta oparia espero bai baina jaso ez zuen Garazi Navarro bikotekideari kantatutakoa gaueko ideia politenetakoa izan zen: Nahiz eta bera neri gaur ez zaidan kexa / uste dut egoera dela gaur errexa / sorpresa bat espero ta sorpresa eza / espero ez den hori ez al da sorpresa?
Finalean finen ibili ziren bertsolarietan bestea Ane Beloki izan zen. Hala kantatu zion Gartxot Ramirezi, mendira beharrezko ekipamendurik gabe joanda hura erreskatatzerakoan: Mendirako badezu hamaika interes / beti ibiltzen zera horren pauso trebez / ondo ekipatuta ez zabiltza berez / "lagundu" esan dezu ta gainera errez / baina orain ez dakit lagundu edo ez.
Hain justu, baina, Belokiren ariketa horretako kantulaguna izan zen agian finaleko gakoa, Arrano tabernako finalerdian erakutsitako mailatik nahikotxo gora ibili baitzen atzo, buruz burukorabera eta Urko Arregi iristea ahalbidetuz. Puntu erantzunetan, adibidez, ederki osatu zuen lehen bertsoa: Argia edo iluna zer duzu nahiago? / Bietan egon neike denbora luzaro / argia ondo dago iluna oparo / Serio? bitako bat hartu beharra al dago?
Urko Arregik eta Ane Belokik txukun gauzatutako bakarkakoen ostean, beraz, Arregiren eta Ramirezen arteko buruz burukoa, eta hor eta azken emaitzan sorpresarik ez. Arregi Ramirezen gainetik, eta txapela etxean. Daniel Agirrek, Oñatiko bertso eskolaren sortzaileetakoak, jantzi zion irabazleari. Sariketaren balorazio positiboa egin zuen txapeldunak: "Hori zen gure helburua, ingurukoek gu eta guk elkar entzuteko aukera izatea, eta guk kanturako plaza bat edukitzea. Herriarekin oso eskertuta gaude jarreragatik, bertsolariekin ere bai, baita tabernekin eta gaztetxearekin; sariketa ederki joan da". Eta bere kantu bikotekidearentzat azken hitzak: "Beragatik ere asko pozten naiz. Txapela nik eramango dut, baina badakit berea dela zati handi bat".