Literatur topaketa, "Bernardak jasandako errepresioaz" hausnartzeko

Eneko Azurmendi 2018ko ots. 22a, 19:06
'La casa de Bernarda Alba' antzezlanaren irudi bat. Argazkia: abretelibro.com

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, La casa de Bernarda Alba antzezlanaren gaineko solasaldia egingo dute hilaren 5ean, 18:30ean, eta parte hartzeko, kultura etxean eman beharko da izena; hilaren 11n emanaldia bera izango da ikusgai Santa Anan, 19:00etan.

Caritasko ordezkari Iratxe Barrusoren ekimenez eta Pototak Emakume Asanbladaren eta Oñatiko Udalaren partaidetzarekin antolatu dira topaketa eta emanaldia. "Bilboko Pabilioi 6 taldeko bazkide naiz. Horrez gain, gaztelaniako eta literaturako irakaslea ere banaiz. Urtero joan izan naiz ikasleekin antzezlan hau ikustera. Aurtengoa berria izan da eta iruditu zitzaidan oso ona zela. Beraz, Udalarekin harremanetan jarri nintzen. Bernardak jasaten duen errepresioaren gaineko solasaldi bat egitea proposatu nion Nerea Zubia zinegotziari, eta hark baiezkoa eman zidan", azaldu du Barrusok.

Izan ere, Federico Garcia Lorcak idatzitako lanak XX. mende hasierako matxismoa ondo islatzen du eta testu aproposa da berdintasunik ezaz edo emakumeen kontrako indarkeriaz gogoeta egiteko. Beraz, ideia hori baliatu gura dute antzezlaneko protagonistak jasaten duen minaren inguruan hausnarketa egin, eta norbanako ezberdinen esperientziak partekatzeko.

Hala, Barrusok azpimarratu du "herritar guztiak" daudela topaketan parte hartzera gonbidatuta, eta, bereziki, herrian aktibo dauden irakurketa taldeak: liburutegikoak, Pake Lekukoak eta gaztetxekoa.

Caritasen gertuko harremana du Barrusok zenbait emakume etorkinekin. "Eguneroko bizitzan ezkutuan daude, eta haiek solasaldi honetan parte hartzea ere oso garrantzitsua iruditzen zait, esperientzia partekatzeko".

Kultura etxetik bideratu da testuaren irakurketa. "Ordu eta erdian irakur daitekeen testua da. Gaia oso ederra da oñatiarrentzat, eta polita izango da adin eta jatorri askotariko herritarrek duten ikuspuntua partekatzea", dio Barrusok.

Izen-ematea

Topaketa martxoaren 5ean izango da, 18:30ean, eta, parte hartzeko, izena eman beharko da, liburutegira joanda, 943 71 61 11 telefonora deituta edota liburutegia@onati.eus helbidera mezua bidalita. Solasaldian parte hartuko dutenen kopurua jakin nahi dute antolatzaileek; horren arabera erabakiko da eta non egingo duten.

Emanaldia, Santa Anan

Topaketaren ostean, antzezlana egongo da ikusgai Santa Ana antzokian, hilaren 11n, 19:00etan. "Polita izango da hausnarketa egin eta esperientziak partekatu ostean emanaldiaz gozatzea", azpimarratu du Barrusok. Sarrerak salgai daude jada Bibe.me webgunean, 10 eurotan.

Bestalde, Pabeilioi 6 taldeko kideak prest azaldu dira bukaeran esperientzia partekatu eta solasaldi bat egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak