Musikagintza ardatz hartuta eta askotariko arlo jorratzeko helburuarekin ari da Oñatiko Udala, –herriko askotariko eragileekin eta Ahotsenearekin elkarlanean–, martxorako Beratu jaialdia antolatzen. "Musika entzuteko askotariko aukerez gain, Musikaren ertz ezberdinak bizitzeko modu berri bat proposatzen dugu, gertukoa eta hurbila izan gura duena. Agertokiaz harago, musika industriaren atzean ikusten ez den guzti hori bistaratu nahi dugu", kontatu dio GOIENAri Oñatiko Kultura batzordeburu Nerea Zubiak.
Kontzertu batetik, astebetera
Musika alorrean urteetako eskarmentua duen Arkaitz Villar herritarra joan zitzaiela dio Zubiak, gaur egun Euskal Herrian dauden musika estilo ezberdinak erakusteko kontzertu bat egiteko proposamenarekin, eta hortik abiatuta hasi zirela hainbat egunetako egitaraua prestatzeko aukera aztertzen. "Azaroan Musika klasikoaren zikloa izaten dugu eta urtean zehar bestelako kultura ekimen asko ere bai; baina, zer edo zer berritzaileagoa edo gaur egunekoagoa falta zela ikusi genuen; eta, Arkaitzen hariari tiraka astebeteko egitaraua osatu dugu. Aholkulari moduan Arkaitz ondoan izango dugu, eta herriko eragile eta kolaboratzaile askorekin ere ari gara elkarlanean, horien artean: Zai Zoi Bele herriko musika taldeen kolektiboa; Ilunpetan argazki taldea; Gaztetxea eta Eltzekideak. Horrez gainera, Ahotsenearen laguntza ere izango dugu".Txoko ezberdinetan izango
dira ekintzak, saioaren formatuaren edo tokiaren ezaugarrien arabera kokatuta. "Ekimenaren beste helburuetako bat da, kanpotik datozenei eta herritarrei dugun azpiegitura erakustea eta balioan jartzea. Hortaz, oraindik dena lotuta ez dagoen arren, asmoa da, Gaztetxean, Gaztelekuan, Kultura etxean, Santa Ana aretoan, Eltzian eta kalean eskaintzea ekitaldiak".
Jarraikortasuna izateko jaioa
Lehenengoaren emaitza ikusita erabakiko dute jaialdiaren etorkizuna, Zubiak adierazi du, baina, hasiera baten jarraikortasuna izan gura duela Beratu-k. "Izenak adierazten duen moduan patxadaz eta denboraz hartu gura dugu, baina gure nahien artean badago aurrera begira ildo horretan lanean jarraitzea".
Gozatzeko eta hausnartzeko
Bi adar ditu jaialdiak: publiko zabalarendako da bat, eta, arloko profesionalendako, hedabideendako eta bestelako eragileendako, bestea.
Guztiontzako zabalik daudenak dira: kontzertuak; disko azoka, familia giroan tailerra eta mahai-ingurua. "Euskal musika izango da osagai nagusia, baina Maria Arnal eta Marcel Bages katalanak ere gonbidatu ditugu; aurkezpen ekitaldian ahozko tradiziotik sortzen dituzten kantuak eskainiko dituzte. Kontzertu horrek eta Gaztelekuan Delorean eta Lumi taldeak eskainiko dutenak ordaindutako sarrera dute, gainontzekoak doan dira".
Ahotsenearekin elkarlanean profesionalek sektorearen egoerari buruz hausnartzeko aukera izango dutela dio Arkaitz Villarrek: "Eurek ere euskal musikagintzaren gogoeta plaza baten beharra ikusten zutela esan ziguten, eta hutsune hori betetzera dator topalekua. Ekitaldi itxia izango da, eta parte har-tzeko izena eman behar da otsailaren 19tik martxoaren 18ra bitartean ahotsenea@durangokoazoka.eus helbidera idatzitita".
'Beratu.eus' ataria
Astelehenean abiatuko dute jaialdiaren inguruko informazio eguneratua jasoko duen ataria.