Emoziotik abiatuta, Rafa Rueda kantu kontari

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko ots. 15a, 13:22

Mungiako eskarmentu handiko musikaria Oñatiko bibliotekak antolatu duen Saio linbikoak ekimenean izango da bihar, egubakoitza 19:00etan, liburutegian. Abesteaz gainera, kantuen eta hainbat libururen gaineko azalpenak partekatuko ditu publikoarekin.

Bakarkako saioa egingo du Rafa Ruedak bihar liburutegian; bere kantuetan oinarritutako emanaldia izango dela aurreratu du. "Oinarrizko emozioak abiapuntu, kantuetan ze isla duten... azalduz, ohiko kontzertu batean baino tarte handiagoa izango du hitzak. Horrekin lotuta, egun hauetan irakurri ditudan eta gomendagarriak iruditu zaizkidan pare bat liburu ere eramango ditut horien inguruan ere pixka bat solas egiteko".

Pertsonei buruzko diskoa

Azaroan kaleratu zuen Hiri Kristalezkoa lanarekin gustura ari da hara eta hona. "Ez dago gauza hobeagorik zure lana jendeari eskaini ahal izatea baino. Pozik nago emanaldi nahiko ari direlako ateratzen eta, oro har, jendearen erantzuna ona izaten ari delako. Hiria gaurko gizartearen bizimoduaren kokalekua besterik ez da. Diskoan agertzen diren kantuak, edozein hiritan bizi zitezkeen pertsonak dira. Istorio eta egoera ezberdinen arteko hari komuna, denak hiritarrak izatea da. Egunero gurutzatzen ditugun pertsonen kontuak dira. Pertsonei buruz hitz egiteko aitzakia da, gaur eguneko gizarteari buruz". 

Lana argitaratu zuenean mugarri bat izango zela zioen Ruedak, eta halaxe sentitzen duela berresten du. "Denbora nahikoa neraman lanik kaleratu gabe eta honek balio izan dit hainbat inertzietatik askatzeko. Egun, askeago sentitzen naiz musikarako zein kanturako, eta hori, lan honi zor diot, prestatzen eman dudan denbora, egin dudan hausnarketa eta guzti hau burutzeko izan dudan laguntzari. Jon Agirrezabalaga ekoizlea, zein musikari eta idazle lagunak, ezinbestekoak izan dira".   

Hitzaldiak eskaintzen ere bai

Hitzen ahairea izeneko ikastaroa eskaintzen ere han-hemenka dabil Gotzon Barandiaranekin. "Idazle eta musikarien arteko elkar lanetik sortutako kantuen errepaso bat egiten dugu, historia eta testuingurua kontua harturik, euskaldunok zeri kantatu diogun eta zeri kantatzen diogun horri erreparatuz. Oso harrera ona izaten ari da eta badirudi halaxe jarraituko dugula. Halako ekimenak kultur transmisiorako oso lagungarriak direla uste dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak