Aldundiak Irunen duen ondare arkeologikoaren gordailuan dago egun Arrikrutzeko lehoiaren hezurdura eta datorren martxoan Burgoseko giza eboluzioaren museora eramango dute. "Atapuercako Eudall Carbonellek eta Juan Mari Arsuagak agertu dute interesa. Iberiar penintsulako bakarra eta Europako bakarrenetakoa da lehoi hau; hezurdura osoaren %97a gordetzen da. Gainera, baditu berezitasun batzuk. Adibidez, saihets bat apurtuta eta berriz osatuta nola duen ikusten da. Museoa bera handia da. Kenian eta beste lurralde batzuetan topatutako lehen hominoideen hezurdurak daude, adibidez. Azalpen askorekin eta ondo babestuta daude", azaldu du Iñaki Zubeldiak, duela 52 urte hezurdura aurkitu zuenak. Arrikrutzeko lehoiaren inguruko bideoa eta azalpenak ere prestatu dituzte ikusgai egongo den bitarterako.
Kaxa berezietan eramango dute hezurdura Burgosera. "Azpian tela berezia jarrita duten kaxetan eramango dute. Baita Larraiotz galerian aurkitu zuten beste lehoi baten femurra ere", gaineratu du Zubeldiak.
400 kilo
Atapuercako aurkikuntzengatik batik bat, Burgoseko museo hori oso ospetsua da mundu osoan eta nazioarteko aditu asko joaten dira hara. Arrikrutzeko lehoia han ikusgai egoteak bere berri munduan zehar zabaltzeko balio izatea espero du Zubeldiak.
Denbora batez egongo da Burgosen hiru metro eta erdi luze eta 400 kilo inguru zituen Arrikrutzeko Panthera spelaea, gaur egun Afrikan dauden lehoiak baino handiagoa. Handik Donostiako San Telmo museora eramango dute eta denbora batez ikusgai egon ostean gordailura eramango dute berriz.