Lan eta lan ibili dira astean elurra kentzen

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko ots. 8a, 16:31
Andoni Beristain udaleko brigada burua elurra kentzeko pala duen ibilgailuarekin Olabarrietan eguazten goizean.

Udaleko lau sail ezberdinen arteko koordinazio lana da neguko protokoloa eta aste guztian egon da indarrean. Brigadako langileak, kale garbitzaileak eta lorezainak ibili dira elurra kentzen eta kaleak garbitzen. Auzo bidetan pilatu da elur gehien.

Gutxi edo asko baina elurra egin du ia egunero aste honetan eta elurraren aurrean udalak duen protokoloa indarrean egon da. Udaleko sail ezberdinak hartzen dute parte protokolo horretan eta egunero elkartu dira aste honetan egun batetik besterako iragarpenak aztertu eta lan antolatzeko.

600 metro

Auzo eta landa garapeneko departamendua, udaltzaingoa, obra eta zerbitzuen saila eta udal brigada dira neguko protokoloaz arduratzen direnak eta koordinatuta egoten dira. "SOS Deiak egiten dituen iragarpenak eta elur kotak hartzen ditugu kontuan. 600 metrotik gorakoak badira, erne egoten gara eta hortik behera badira jartzen dugu martxan neguko protokoloa. Bilerak egiten ditugu egunero, eguerdietan normalean, erabakitzeko zer egin eta nondik hasi edo lehentasuna zeri eman. Gero brigadako langileak dira kanpoan elurra kentzen eta kaleak garbitzen ibiltzen direnak", dio Xabier Berridik, obra eta zerbitzuetako teknikariak.

Bezperatik

Andoni Beristainez gain, beste zortzi edo bederatzi langile daude udal brigadan eta elurra egiten duenetan kale garbitzaileen eta lorezainen laguntza izaten dute herrigunea garbitzeko. "Lau gune handitan banatzen dugu herria eta taldetxo bat joaten da gune bakoitzera. Horrela herriko kale guztiak garbitzen ditugu. Pala txikia duten makinak ditugu eta hori pasatzen da lehenengo espaloietatik, elurra kenduz. Horren atzetik joaten gara gu, gatza botatzen", dio brigada buruak, Beristainek. Elurra kentzeko eta gatza botatzeko prestatuta dauden bi pick-up eta traktore bat ere badute udalean.

Neguko protokoloak jasotzen du behetik gora joango direla auzoetako bideak garbitzera, eta horrela egiten dute. Gora joan eta beherantz doazenean kentzen dute elurra palarekin eta gatza bota ondoren. "Auzoetara, baina, behin baino gehiagotan joaten gara. Bezperan, esaterako, gatza botatzera joaten gara eta hurrengo egunean goizean ez ezik baita eguerdian edo arratsaldean ere, elurra botatzen badu, behintzat".

Urria edo azaroa inguruan ekartzen dute negurako gatza eta udal biltegian izaten dute gordeta, kaxa handietan. 25 kiloko zakuak ere izaten dituzte eta horiek baserritarren artean banatzen dituzte, hala eskatuta, euren etxe inguruan botatzeko. "Aste honetan egunero egin du 20 zentimetroko elur geruza 500 metrotik gora eta kapa horiek kentzen ibili gara. Baserrietara heltzeko arazoak egon dira batzuetan eta guretako garrantzitsua da jakitea baserri bakoitzera doan bidea nolakoa den, lur zorua lurra den edo hormigoia den, adibidez. Non zapaltzen ari garen jakitea komeni zaigu. Izotzik ez da egon, eta hori ere asko da. Garbitu eta gatza bota dugu, hala ere", azaldu du brigada buruak. Lezesarrin, Uribarrin, Arantzazun, Araotzen eta Olabarrietan ibili dira, besteak beste, aste honetan.

Arantzazu

Arantzazuko aparkalekuan sortzen dira, akaso, arazo handienak. Asteburuetan batez ere, jende asko baldi badoa. "Eguen eta egubakoitzean elurra egiten badu eta zapaturako eguraldi ona badago iragarrita jende asko etortzen da eskiatzera eta elurretan ibiltzea eta komeni da hango aparkalekua garbi mantentzea. Gu ibiltzen gara baina herritar baten laguntza ere izaten dugu gune hura garbitzeko. Bere traktorearekin ibiltzen da", dio Beristainek. Bere traktorea hartuta garbitu du Arantzazuko aparkalekua azken asteburuan Tomas Sagastik.

Elurra arazoa izaten da batzuetan baina izotza ez da hobea eta horrelako eguraldia egiten duenean kontuz ibiltzeko gomendioa eman die brigada buruak herritarrei: "Oñatin askok dituzte 4x4 ibilgailuak eta horiekin errazagoa da errepideetan ibiltzea baina ibilgailu txikiak dituztenak ere gurpilak zaindu behar dituzte, garrantzitsua da oso-eta. Neguko gurpilak jartzen badituzte, hobeto. Eta garrantzitsua den beste gauza bat da udaltzainen gomendioei kasu egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak