Aitor Biain: "Erronka handia izan da, eta esperientzia bikaina"

Eneko Azurmendi 2018ko ots. 1a, 14:30
Aitor Biain –eskuman–, Bilboko Orkestra Sinfonikoko kideak agurtzen. Argazkia: Amaia Guridi.

Aitor Biain zuzendari oñatiarrak Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin zazpi kontzertu didaktiko zuzentzeko aukera izan du asteburuan; adierazi du oso esperientzia aberasgarria izan dela: "Plazera izan da maila honetako musikariekin oholtza partekatzea".

Musikenen orkestra zuzendaritza ikasten ari da Biain. Azaroan Musikeneko zuzendaritzak aukeratu zuen Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zazpi kontzertu didaktiko zuzentzeko. Oso esperientzia polita eta berezia izan dela azpimarratu du oñatiarrak. "Euskal Herri mailan bi orkestra sinfoniko profesional daude, Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, eta horietako batean, hain maila handiko musikariekin lan egitea plazera izan da. Gainera, eurekin lan egitea oso erraza izan da. Beraz, esperientzia ikaragarria izan da niretzako, oso pozik nago", onartu du.

Maila horretako kontzertu bat zuzendu duen lehen aldia izan da Biainentzat. “Hasieran, errespetu handia eman zidan 65 musikari profesional nire aurrean ikusteak, izugarrizko maila duten musikariak direlako. Niretzako erronka handia zen. Baina oso ondo onartu naute, asko lagundu didate, eta uste dut guztion artean kontzertu politak eskaini ditugula”, dio.

Kontzertu hauek zuzendu aurretiko lana bere kabuz egin duela azaldu du zuzendariak. “Aukeratua izan nintzenean, prestatu beharreko programa bat eman zidaten. Harpa eta orkestrarako errepertorio bat, harpa bakarlari moduan agertzen zena. Nik errepertorio hori ikasi dut nire kontura, eta azken egun hauetan orkestrarekin landu dut ikasitakoa. Aste gogorra izan da. Bi egun eurekin entseatzen eta lau egun kontzertuak eskaintzen, guztira zazpi kontzertu”. Oso pozik dagoela nabarmendu du Biainek, eta onartu mota horretako kontzertu bat errepikatzea gustatuko litzaiokeela.

'Harparen bila'

Zazpi kontzertuz osatutako ziko horren izena Harparen bila izan da, harpa bera instrumentu moduan ezagutzea helburu zela. "Aurkezleak dinamizatzaile lanak egin ditu harpa zer den azaltzeko, denboran zehar egindako bidaia moduko bat egiten genuen, eta historian zehar esanguratsuenak izan diren harpa obrak jo ditugu –Wagnerrenak, Tchaikovskyrenak, Mozartenak...–. Azken finean, egin duguna da modu didaktikoan familiei azaltzea harpa zer den, nola funtzionatzen duen".

Uztailean, Hungariara

Beste proiektu garrantzitsu bat ere badu esku artean Biainek. Izan ere, Ganbara abesbatzak Debrecen hirian (Hungaria) egingo den Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan parte hartuko du uztailean.

Ezaugarri berezi bat dauka lehiaketa honek, Ganbara abesbatzarentzat berria izango dena. “Musika garaikidea landu beharko dugu, 1945etik gaur egunera artekoa. Izan ere, Béla Bartók konposatzaile hungariarraren omenezko lehiaketa da eta horren ondorioz, landu beharreko musika bera hil zen urtetik –1945– hona konposatutakoa izan behar da", azaldu du Biainek.

Taldearentzako erronka handia izango dela dio. "Orain arte programa anitza eduki dugu, garai ezberdinetako musikarekin –Errenazimenduko musika, XIX. mendeko musika erromantikoa, Inpresionismoa–. Beraz, badugu lana lehiaketa hau prestatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak