"Urrunketa politika desaktibatzeko" eskatu du Oñatiko udalbatzak

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko ots. 1a, 10:38

Auto istripua izan zuen joan den zapatuan Xabier Ugarteren emazteak eta bere "kezka" agertu du udalbatzak. Oñatiko presoen senideek biharko antolatu duten giza katean parte hartzeko dei ere egin du.

Hauxe da Oñatiko udalbatzaren erakunde adierazpena:

 

OÑATIKO UDALBATZAREN ERAKUNDE ADIERAZPENA

29 urte luze dira dagoeneko, gobernu espainiar eta frantsesak euren lurretan zehar euskal presoen urrunketa era sistematiko eta orokorrean martxan jarri zutenetik.

Arrazoi politikoei erantzuten dion neurri honek ez dio soilik oinazea sortzen zigorra betetzen ari den presoari, zuzen eragiten die senide eta lagunei ere. Praktikan beharrezkoa ez den zigor bat da, senideek euren borondatearen aurka egin behar dituzten bidaiak dira, euren senide presoekin bisita eta komunikazio eskubideak gauzatzeko bakarrik eginak.

Ehunka dira kalte fisiko eta materialak pairatu dituzten pertsonak, baina larriena dena eta jada konponbiderik ez duena, 16 senideen heriotza da, bisitetara joaten ziren bitartean zendutakoak.

Sufrimendua sortzen duten inposatutako arriskuek ondorio larriak dituzte, eta istripuak etengabe suertatzen dira, urtea hasi berritan lehen istripuaren berri jakin dugu. Xabier Ugarte oñatiarraren bikoteak bisita egin ondoren ezbeharra sufritu zuen; 403 kilometrotara dagoen Topas (Salamanca) espetxetik itzultzen hasia zela ustez basurdea izan zitekeen animali baten aurka jo ostean. Zorionez ez zuen inongo zauririk izan, baina autoak zuen kolpearen erruz, Oñatira taxi batean itzuli behar izan zuen joan den urtarrilaren 27an.

Urrunketa politika honek herri honetan bere oinazeak eragin ditu. Bereziki aipamen berezia egin nahi dugu 2007ko abenduaren 26an Natividad Junco oñatiarrak bere bizia galdu zuela Teruelgo espetxera bidean sufritutako istripua dela eta.

Urruntze politika honek ez du zentzurik eta ez dio mesederik egiten preso diren pertsonen errotze sozialari, euren senide eta lagunak kaltetuak direlarik. ETAren behin betiko etenaren ondoren, bere armagabetze barne, egoera hau luzatzeak ez du inolako zentzurik. Orain, aldatzeko aukera dugu, oinaze guztiak kontuan hartzeko unea da, pertsona guztien giza eskubideak errespetatzeko eta etorkizun hobeago bat eraikitzeko momentua, urrunketari amaiera emateko ordua da. Senideen sufrimenduarekin amaitzea beharrezkoa da.

Hau guztiagatik, Oñatiko Udalbatzak ondorengo erakunde adierazpena onartzen du aho batez:

 

ERAKUNDE ADIERAZPENA

1.- Oñatiko Udalak bere kezka azaldu nahi du Xabier Ugarte presoaren senideak izandako ezbeharragatik, hemendik 403 kilometrora kokatutako Topas (Salamanca) espetxean bisita egin ostean.

2.- Oñatiko Udalak eskatzen du urrunketa politikaren desaktibazioa, presoen eta beren senide eta lagunengan eragiten duen sufrimendu eta zigor gehigarriarekin bukatzeko.

3.- Oñatiko Udalak Erakunde Adierazpen honen berri emango die Estatu espainiarraren Gobernuari, zein gizarteari.

4.- Oñatiko Udalak dei egiten die oñatiarrei Otsailak 2 ostirala arratsaldeko 19.30ean egingo den giza katean parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak