Oñatiko presoen senideek egin dute egubakoitzeko giza katearen deialdia. Istripu gehiagorik ez, dispertsioarekin amaitu mezua zabalduko dute.
Etxeratek jakinarazi duen moduan, joan den zapatuan Xabier Ugarte preso oñatiarraren emazteak istripua izan zuen iluntzean, bisita burutu ondoren Euskal Herrira abiatu berri zela, Topaseko espetxetik 2 kilometrotara ustez basurde bat izan zitekeen animali baten aurka jo zuen Ugarteren emaztearen autoak, animaliak ihes egin zuen ezbeharraren ondoren. Zorionez ez zuen inongo zauririk sufritu bidaiariak baina autoa bertan utziz Euskal Herrira itzuli behar izan zuen taxi batean. Etxerat elkarteak salatu du dispertsioa hasi zenetik, duela 29 urte, 400dik gora istripu izan dituztela senideek errepideetan, hamasei hildako eta milatik gora zauritu sortuz.
Hori salatzeko eta dispertsioarekin amaitzeko eskatzeko egingo dute giza katea egubakoitzean, 19:30ean, Oñatiko presoen senideak deituta.