Dastatzea, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta Hazi Fundazioak bermatua duten Kalitatea proiektuaren barruan sartzen da eta Euskadiko elikagaien sustapena egitea du helburu. Oñatin EAEko txakolinak eta ardoak probatuko dituzte. "Nafarroan esaterako barneratuta dute bertako produktuak zerbitzatzearen ohitura. Hango jatetxe batean ardoa eskatuz gero, Nafarroako ardoa eskainiko dizute. EAEn ohitura hori ez dago hain barneratuta eta horixe sustatzea gura dugu", dio dastatze ekitaldia gidatuko duen Josema Azpeitia kazetari gastronomikoak.
Murgialdaikoa
Saioak bi zati izango ditu, teorikoa bata eta praktikoa bestea. "Teorikoarekin hasiko gara. 40 minutu inguru iraungo ditu eta han azaldutakoak probatuko ditugu gero saio praktikoan. Ebro ibaiaren hegoaldeko eta iparraldeko ardoek, esaterako, oso ezaugarri ezberdinak dituzte eta horiek ezagutzen saiatuko gara besteak beste. Urte eta inguru ezberdinetako ardoak izango ditugu horretarako, txuriak, gorriak zein beltzak. Egile ardoekin amaituko dugu dastatzea", azaldu du Azpeitiak. Saio praktikoan bertako elikagaiak izango dituzte jateko.
Txakolinak ere probatuko dituzte. Hiru guztira: Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako bana. Gipuzkoakoa, gainera, Oñatiko Murgialdai txakolina izango da.
Izena
Ekintza hau, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren
Garapen eta Azpiegitura sailaren menpe den Hazi Landa, Itsasertz eta Elikagaien
Sustapenerako Fundazioak antolatu dute, Oñatiko Udalaren laguntzarekin. Oñatiko Zumeltzegi dorrean egingo dute martitzenean, otsailak 6, 10:00etatik 12:30era eta Debagoieneko ostalariei dago zuzenduta. Joan gura duenak baina, izena eman behar du aurretik telefono zenbaki honetara deituta: 943 31 60 40.