Lantegi berria, lehengo lantegitik metro gutxira dagoena, termozigilatze lanetara bideratuta dago, eta 5.000 m2-ko azalera dauka bi mailatan banatuta. Azalera horretatik, 4.000 m2 ekoizpen arlorako dira eta gainerakoak bulegoetarako.
Instalazioak urtean 400 makina baino gehiago ekoizteko ahalmena dauka eta, behar izanez gero, beste 4.000 m2 gehiago handitu ahal izango da. Antolaketa aldetik, kudeaketa eredu bat ezarri da, eta horrekin termozigilatzeko makinak epe azkarretan eta baliabideen eraginkortasun handiarekin ekoiztu ahalko dira.
“Gure lantegiak ULMA Packagingek lehiarako duen posizioa indartzen du, ontziratzearen sektorerako makina eta giltza eskura erako soluzio automatizatuetan munduko lider gisa, 60 herrialde baino gehiagotan presente egonda eta 18 filial propio edukita”, ziurtatu du Cecilio Lejarretak, ULMA Packagingeko gerenteak.
630 lanpostu berri
Ulma Packagingek erregistratutako bilakaera positiboa Ulma Taldearen industri jarduerak bultzada bizi duen une berean gertatu da, izan ere, azken urteetan balio erantsi handiko 630 enplegu berri sortu ditu Taldeak.
ULMA Taldeak, 80 herrialde baino gehiagotan dagoenak eta 4.600 langile dituenak, 56 urteko esperientzia dauka merkatuan, eta aurreikusten du, 2017an, 725 milioi euroko salmenta bolumenera iristea, hau da, aurreko ekitaldiko zifraren %8 handitzea. Gainera, Taldeak espero du 105 milioi euroko EBITDA erregistratzea aldi berean, aurreko urtearekiko %21eko hazkundearekin.
Handling Systemsek bulego berriak
Hedapen testuinguru honetan, aipatzekoa da, Ulma Handling Systemsek Donibane Lohitzunen laster irekiko dituen bulego berriak. Inaugurazioa datorren urtarrilaren 23an egingo da.
Azken urteetan Ulma Handling Systems erreferente bihurtu da Europan automatizazio logistikoari dagokionez eta, esaterako, banaketa handiaren, ehungintzaren eta elikagaien sektoreetako enpresa ezagunetan ditu ezarrita proiektuak.