Plan Orokorraren inguruko girotzean herritarren iritzia eta hausnarketa jasotzen duen ikus-entzunezkoa da Berbetan. Dokumentala egitearen ardura, Duna taldeak izan du –@DUNAKtaldea–. Atzo aurkeztu zen kultura etxean eta herritarren inplikazioaren gaineko balorazio positiboa egin zuten. "250 oñatiarrek baino gehiagok hartu du parte ekimen honetan. Oñatiarrak herria asko maite duten herritarrak dira eta herriarekin eta lurraldearekin lotura oso estua dute. Ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea horrelako ideia bat garatzeko. Komunitatea indartzea, hurbiltasunez lan egitea, konfiantza sortzea, formazioa eskaintzea eta elkarri entzutea, begirada zabaltzea, ilusioa piztea eta zaintzea, beste ikuspegiak ulertzea, bizitzaren konplexutasuna ezagutzea, guztion beharrak integratzea... gure ingurua transformatzeko parte-hartzea eta herritarra dugu tresnarik sendoena", azaldu du Dunak taldeko kide Koldo Telleriak.
Telleriak gaineratu du orain arte eman diren aldaketak ulertzea eta aztertzea izan dela helburua. "Eztalita dagoen ibaia, lorategi pribatuak.. egunerokoan ikusten ez diren gauzak ikusi ditugu eta baloratu ditugu. Gaur egun zergatik den horrela ikusi da. Ibaia esaterako, bistaratua egon beharko litzatekeela ere azaldu dute".
Oñatiko Plan Orokorraren idazketa hastear dagoela-eta, girotze fase gisa antolatu duten ekimena izan dela kontatu du Irati Etxeberria Hirigintza zinegotziak: "Erreka, landa gunea, plaza publiko eta pribatuak... hirigintza ukitzen duten hainbat gai landu ditugu herritarrekin. Hirigintzak herritarrengan duten eragina hausnartu gura izan dugu elkarrekin. Hirigintzaren aldaketak zein aldaketa duen gure eguneroko bizitzan aztertu, ikusi eta hausnartu gura izan dugu modu honetan".
Bideoaren bigarren zatia.