Urtea bukatuta, baloraziorako unea iritsi da. Bada, Oñatiko Turismo Bulegoak egina du berea. "Oro har, pozik gaude lorturikoarekin. Erronka batzuk finkatu genituen; tartean, familiak eta lagun taldeak erakartzea. Esan dezakegu lortu dugula hori, turismo jasangarriaren testuinguruan, betiere", dio Ikerne Altubek, Oñatiko Turismo eta Garapen Agentziako arduradunak. Guztira, 50.000 bisitari inguru izan dira turismo egoitzetan. Azaldu du, gainera, gora egin duela herrian lotan geratzen den pertsona kopuruak. "Alor horretan, bilakaera izan du herriak. Autokarabanen gunea eta aterpetxea ditugu tartean", dio.
Hala, aurrera begira jarria da herriko Turismo Bulegoa. Eta bi erronka nagusi ditu finkaturik datorren urterako: herriko produktuen erakusleiho izatea eta www.oñatiturismo.eus webgunea garatzea –bertako zerbitzuen eta produktuen erreserbak ahalbidetzea, esaterako–. Hori horrela, eta bertako produktuen sustapenari dagokionez, Turismo Bulegoarekin harremanetan jar daitezen dei egin die Altubek herriko ekoizleei, "euren produktuez informatzeko". Horrekin lotuta, bi sustapen bide lituzkete aurreikusirik: "Produktuak bulegoan bertan saltzea edo horren inguruko informazioa eskaintzea, bisitaria ekoizlearengana berarengana joan dadin".
Oñati, Fiturren
Turismoaren bueltako nazioarteko azoka egingo dute urtarrilaren 17tik 21ra bitartean, Madrilen: Fitur. Eta, besteak beste, Oñatiko turismo eskaintza ezagutzeko aukera izango da han. Zehazki, Euskadi Basque Country markapean joango da hara.