Errege egun bezperako bertso saioko ajea atzean utzita, aurrera begira jarria da Txinparta bertso eskola. Hain zuzen, oraingoan, bertsolari gazteak izango dira protagonista –tartean, sei oñatiar–; herriko hainbat gunetan jardungo dute –Arrano, Pako eta gaztetxea–. Hiru saiotan banatu dute txapelketa, beraz. "Oro har, esan daiteke beti bertsolari berdinek dihardutela bertso saioetan. Bada, horren kontra, bertsorako espazioa eskaini gura diegu ohikoan agertoki gainean egoteko aukera ez duten horiei", aitortu du Gontzal Belategik, egitasmoaren antolakuntza taldekoak.
Kanporaketa saioetan, binaka
Ohiko formatua alde batera utzita, parte hartzaileek binaka jardungo dute kanporaketa saioetan. Eta horietako bakoitzean puntu gehien erdietsi dituen bikotea zuzenean sailkatuko da finalerako. Ostera, segidan puntu gehien eskuratuta dituenak jardungo du eurekin batera. Guztira, hiru bikotek jardungo dute finalean, beraz. Aipatu beharrekoa da, dena den, soilik bertsolari batek jantzi ahal izango duela txapela. "Finalean hobekien jardun duen bikotea osatzen duten bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute. Hor, onenak eskuratuko du txapela", argitu du Belategik.
Hiru saio
Esan bezala, orotara, hiru saio izango dituzte gozagai bertsozaleek. Hain zuzen, urtarrilaren 27an egingo dute lehen kanporaketa, Arrano tabernan; 18:30erako finkatu dute hitzordua. Aitor Tatiegi eta Bittor Altube; Gontzal Belategi eta Asier Ibarguren; Urko Arregi eta Gartxot Ramirez; eta Aritz Irigoien eta Haizea Arana bertsolariek jardungo dute egun horretan nor baino nor gehiago. Bestetik, otsailaren 3an egingo dute bigarren kanporaketa; Pako tabernan egongo dira orduan, 17:00etan hasita. Kasu horretan, Bittor Zubiagirre eta Andoni Mujika; Xabi Agirre eta Ane Peñagerikano; Garazi Navarro eta Oihana Arana; eta Ane Beloki eta Iraitz Sarasola izango dira agertokian.
Beste urrats bat
Aurretik ere izan da bertsolari gazteei agertoki gainean egotea ahalbidetu dien ekimenik herrian: Bertso berriak, elkarri jarriak. Orduan ere herri ezberdinetako bertsolariek ziharduten, herriko gaztetxean eginiko saioan. "Horren jarraipena litzateke egitasmo berria. Bidean egindako beste urrats bat. Serioagoa, halaber", dio Belategik.