Eta bat-batean musika sortu da

Imanol Gallego 2018ko urt. 7a, 14:54
Mursego (Maite Arroitajauregi), Antixeneko oholtzan.

Musikaria baino gehiago, ekilibrista da Mursego. Antixeneko agertokira ere halaxe iritsi zen, sokaren gainean bakarrik, oholtza gainean bakarrik, musika tresnaz inguratuta: perkusioa, txirula, txeloa, ukelelea... kontzentratua, kantuak sortuz. Eibartarrak hasieratik bereganatu ditu entzuleak, lehen abestitik ozen entzun baitira txaloak.

Isilune bortitz baten ostean hasi da emanaldia. Lehen kantua ez du agertokian hasi, Antixenean oinez eman ditu emanaldiaren lehen akordeak. Bere ahots indartsu eta biluziak jendearen elkarrizketak eten eta isiltasun bortitz bat osatzea lortu du. Txalo artean baina presarik gabe etorri da bigarren kanta, eta segidan hirugarrena, laugarrena... 

Abestiak nola jaio, hazi eta garatzen dituen ikustea magia hutsa da. Mursegok abestiak kapaka interpretatzen ditu, eta, gutxika-gutxika, Eibarko musikariak soinu geruza bat bestearen gainean jarriz melodia aberatsak sortzen ditu. Kanta bakoitza ez da partitura izatera mugatzen eta kontakizun itxura dauka; artista, gainera, oso interprete ona da eta harrigarria da nola eusten dion tentsioari, nola ematen dion akabera.

Ikusleak segituan ohartu dira, gutxienez, berezia den zerbaiten aurrean zeudela. Afrikako sabana zabaletatik heldutako hotsak, cumbia, folka, musika klasikoa... hori guztia eta gehiago, betiere, zuzeneko kontzeptu batek duen magiarekin bilduta. Sakona askotan, baina ez beti, Mursegok umoreari bide ematen dio zenbait unetan. Hala ere, ez ditu emanaldi errazak eskaintzen. Nondik joko duen jakin nahi duen ikus-entzulearen arreta harrapatzen du, artistak horrelakoak baitira, irudimentsuak. Gainontzeko musikariak ausartzen ez diren hotsak, soinuak... egiten ditu, eta, neurri batean, liberatzailea izan daiteke entzulearentzako ere.

Musikaria baino gehiago

Sortzaile ausarta da, artista hitzari ukitu berezia eman dio. Estudiotik ateratzen denean, gainera, bere talentua areagotu egiten da; Mursego handi egiten da agertoki huts batean. Dudarik gabe, gure musikaren sortzaile handiek izan duten karisma eta magia dauka. Askotan, kanpoko artistekin alderatu izan da, baina ezin da ukatu Mikel Laboak zuen ausardia bera duela. Hura definitzea zaila den arren, aske hitzak ongi baino hobeto definitzen du Mursegoren lana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak