Gipuzkoan antzindari izango den egitasmoa da Eskola Kirola Elkartea sortzea. Urteetan egon da eskola kirola Oñatitik, kiroldegitik koordinatuta, eta hori instituzionalizatu egin da orain, elkarte izaera hartuz.
Hiru ikastetxeek osatzen dute elkartea udalaren babesarekin: Txantxiku Ikastolako Errektore Kontseiluak, kooperatiba moduan; Elkar Heziko fundazioa eta Urgaineko guraso elkartea. "Orain kontu korronte bakarra dago, adibidez, eta elkartetik zuzenduko da egitasmoa", azaldu du kirol zinegotziak, Borja Moiuak.
Ikastetxe bakoitzak bere funtzioa du. "Txandaka egingo dute. Orain Urgainekoek zuzendaritza izango dute, Elkar Hezikoek diru kontuak eramango dituzte eta komunikazioa Txantxiku Ikastolakoek. Hiruzpalau urtetarako lanak izango dira eta gero berriz txandakatuko dituzte", adierazi du Moiuak.
Elkartea irailean hasi zen lanean, ikasturtearekin batera. Egungo eskola kirolaren jardunean aldaketak sartzen hasi dira eta datorren ikasturtean nabarituko dira aldaketa horiek.
Hitzarmen horrez gain, aurtengo udal biztanleen errolda ere onartu zuen udalbatzak: 2017ko urtarrilaren 1ean 11.394 lagun zeuden erroldatuta Oñatin, 2016an baino 46 gehiago.
Bestalde, alkate dekretuz, emakumeendako jabekuntza eskolari esku orriak eta inprenta lanak ordaintzeko eta ikastaroak antolatzeko udalak 12.200 euro ematea ere onartu zen. Baita Arantzazu auzoko alkate berria ere. Azpilleta baserriko Jabier Arregi izango da Arantzazuko auzo alkate berria. Eltziako tabernaren esleipenarekin hasteko puntua hurrengo osoko bilkura baten lantzeko gelditu zen.
Osoko bilkuraren amaieran, Gabon onak pasatzea opa zien herritarrei alkateak udalbatza osoaren izenean.