Zubillagak ere badu liburua

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko eka. 16a, 10:12

Liburuaren egileak
Auzoaren nondik norakoak jaso dituzte Eli igarzabalek, Axun Villarrek, Mikel Alberdik eta xabier Ugartek liburuan. Artixa taldekoen laguntza izan dute hura osatzerakoan. Gaur aterako da inprentatik eta domekan ipiniko dute salgai, herriko plazan. 

Antxinako Zubillagari begirada bat izena du gaur, egubakoitza, argitaratuko den Zubillaga auzoaren gaineko liburuak. 244 orrialdetan, argazki zaharrak, auzotarren esanak, antzinako baserri eta ofizioen gainekoak, eguneroko bizimoduarekin lotutakoak eta gehiago jaso dituzte egileek. "Guk umetan ezagutu genuen Zubillaga hori nolakoa zen jaso gura izan dugu, gaurkoek eta ondorengoek jakin dezaten zenbat eta nola aldatu diren gauzak. Uste dut lortu dugula", dio Zubillagako Arretxe baserriko liburuaren egile Axun Villarrek.
 
 
Hasierako atalak halako begirada historiko bat proposatzen du. Jerardo Elortzak egin du zati hori, eta, XV. mendean hasita, antzinako Zubillagako ofizioekin lotutako baserri-izenak eta gehiago ere jaso ditu: "Auzoari buruzkoak jaso ditu Elortzak. Garai bateko zubiak, errotak, ermitak... Ofizioekin lotutako baserri izenak ere aipatzen ditu; besteak beste, Arotzena, Urtzailekua, Txipitzaile...", dio liburuaren egile Eli Igarzabalek.
 
 
Auzotarrek eguneroko bizimoduari lotuta kontatu dituztenak datoz jasota liburuaren bigarren atalean. "Historia goxoa deitzen diot nik horri", dio Artixako Mikel Alberdik. "Jendearen bizipenak; eskola dela, jaiak direla, baserriko bizimodua dela, sineskerak direla...", erantsi du. Atal hau osatzeko auzotarrek egindako ekarpena azpimarratu du Axun Villarrek. "Argazkiak utzi dizkigute, garai bateko istorioak kontatu dituzte... Auzotarren ekarpenak berebiziko garrantzia du liburuan".
 

Zubillaga, industriala

Zubillaga industriaren pisuarengatik eraldaketa handia jasan duen auzoa da. Azken mendeko industriak erabat eraldatu du auzoko paisaia, baina Zubillagak industriarekin duen lotura askoz ere zaharragoa da. "V. menderako industria asko zegoen auzoan. Hemen sortu dira gero herrian indar handia izan duten enpresak: fanderia edo forjak, esaterako", dio Artixa taldeko Carlos de los Santosek.
Industriaren gaineko kapitulua, Jose Antonio Azpiazu historialariak egin du.
 
 
Beste gauza asko esan daitezke liburuaren gainean; esaterako, Zubillagan jaiotako pertsona esanguratsuak ere jasota daudela, hala nola Ramon Irizar, Aita Madina, Pedro Altune Paloalto eta gehiago. Kirolari, pilotari, txirrindulari eta futbolari ezagunak ere azaltzen dira eta jasota daude baita ere Zubillagako bi ermandaderi buruzkoak, eta 1805eko plano bat, non azaltzen diren kondeak garai hartan Zubillagan zituen lurrak –baso eta txarak–.

Auzoen gaineko bigarrena

Duela hamalau bat hilabete hasi ziren liburuari forma ematen Eli Igarzabal eta Axun Villar. Eurek bazerabilten ideia buruan eta Artixa taldekoei jakinarazi zietenean, berehala ipini ziren guztiak martxan. Mikel Alberdi aritu da prozesu honetan guztian Igarzabal eta Villarrekin batera lanean eta bereziki gogoan izan dute Xabier Ugarte, "taldeko alma mater-a" eta une honetan osasun arazo batengatik proiektutik aldenduta dagoena.
 

Domekan, salgai

Aurreratu dugun moduan, gaur argitaratuko da liburua eta domekan –Corpus egunean– salgai ipiniko dute hori. 12:00 aldera ipiniko dira goizean plazan eta arratsaldean 18:30etik aurrera ere egongo dira. 700 ale argitaratu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak