Uxue Alberdi: "Gure belaunaldiari ahotsa jartzeko garaia da"

ANTIXENA GAZTETXEA - KOMUNITATETIK 2017ko abe. 19a, 09:31

Uxue Alberdi, Bergarako gaztetxean, 2014an.
Uxue Albediren 'Jenisjoplin' eleberriak zeresan handia eman du. Urri hasieran argitaratu zen elgoibartarraren liburua, eta oso harrera ona izan du. Zerren da askotan liburu salduenen artean dago eta Durangoko Azokan arrakasta izan du. Bihar, abenduak 20, 18:30ean, Antixenean egongo da idazlea horretaz berba egiteko.

Nola baloratzen duzu harrera hau?
Ezinbestean, oso eskertuta nago. Baina emaitzarekin baino gehiago, bidearekin gelditzen naiz, eta Jenisjoplin-en idazketa prozesua oso ederra izan da; zailtasunekin, baina ederra. Orain, bakardadean emandako prozesu honen emaitza jendeak horrela jasotzea pozgarria da.
 
Eleberriak zure belaunaldiko neska baten bizitza kontatzen du. Badirudi iraganari begirada eta bizitakoaren gaineko hausnarketa bat dagoela liburuan.
Bai, hala da. Asko pozten nau ikusteak nire belaunaldi kide direnak identifikatzen direla istorioarekin. Polita da ikustea ni baino gazteagoentzat beste begirada bat ekar dezakeela, niretzat ni baino zaharragoak diren musika talde edo idazleek ekarri zuten bezala. Gure belaunaldiak orain arte ez dio gauza askori ahotsik jarri, eta lekukoa hartzeko garaia da. Gure aurreko belaunaldia oso potentea izan da, eta gu haien anai-arreba gazteak izan gara.
 
Nor da Nagore Vargas?
Nagore Vargas 80ko hamarkada hasieran Euskal Herriko herri industrial bateko auzo pobre batean jaio den neska bat da. Aitaren aldetik Andaluziako etorkinen ondorengoa eta amaren aldetik, Euskal Herriko barnealdeko baserri pobre bateko azken alaba. Familia politizatu eta ezkertiar batean heziko da eta 80ko eta 90eko hamarkadak oso modu intentsuan biziko ditu. Familiak daraman tabernaren ardura hartuko du oso gaztetatik eta hiesarekin bizipen gogorrak izango ditu. Oso izaera indartsu eta gogorra eraikiko du, aitak bere gain daukan proiekzioan oinarrituta. Eta adinean aurrera, oso esperientzia intentsuak biziko ditu.
 
Nobelaren puntu garrantzitsu bat hiesa da. Gaztetxekooi harritu egin gaitu, urruti ikusten baitugu.
Txikiak ginenean, oso presente zegoen gai bat zen; xiringekin kontuz ibiltzeko esaten ziguten, lapurreta txikiak izaten ziren eta Elgoibarren hiesaren erruz belaunaldi oso bat falta dela esaten da. Baina egia da gazte egin nintzenerako hiesarekiko beldurra galdu egin zela, eta gure belaunaldiaren kezka haurdun gelditzea izan da, ez hiesa. Baina, errealitatearekin kontrastatuz gero, Osakidetzan bi egunean behin antzematen da kasu berri bat. Eta gaur egun badirudi diagnostikoari daukan izaera soziala kendu zaiola; klasea, aukera sexuala... eta jarraitzen du estigma soziala izaten. Gaiak ere aukera eman dit sexualitateaz hitz egiteko eta gure belaunaldiaren beste bizipen batzuk kontatzeko. Adibidez, emankorra izan da erruduntasunaz hitz egiteko; emakume bezala, herri bezala, daukaguna. Eta orain arte nagusi izan den heroien diskurtsoarekin kontrajarri dut.
 
Nobelan, momentu batean, Nagore Vargasek esaten du bera azalberritzen ari dela, eta Euskal Herria ere bai. Gai askotarako ematen du metafora horrek.
Bai. Otarrainak azalberritzen direnean oso zaurgarri gelditzen dira, azal zaharra apurtzen ari zaielako eta berria eraiki gabe daukatelako. Eta adi ez bazaude, askotan, kosta egiten da ohartzea azal zaharra hilda dagoela. Nagore ohartzen ari da bere aurretiko moduek ez diotela balio, eta bere burua berreraikitzen hasten da. Nire partetik, bisionarioa izan nahi gabe, uste dut gure herrian ere aspektu askotan antzeko zerbait gertatzen ari dela, gatazka politikoan, bertsolaritzan, kulturgintzan... Modu berriak sortzen ari direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak