Munduko "bidegabekeriak" ikusarazi dituzte Elkar Hezikoek, elkartasun azokaren bidez

Iker Oñate 2017ko abe. 16a, 16:39

Azken urteetako ohiturari jarraiki, elkartasun azoka antolatu dute Elkar Hezi ikastetxekoek; gaur goizean –zapatua– zuten finkaturik hitzordua. Aurtengoan, hamabost GGKEk egin dute bat egitasmoarekin, euren produktuak saldu eta martxan dituzten elkartasun egitasmoak ezagutarazteko.

Eguraldi txarrak eraginda, herriko plazako aterpeak bilatu dituzte salmenta postuak jartzeko. Hainbat elkartasun proiektu ezagutzeko aukera izan dute bertaraturikoek; tartean, Gabonetako opariak erosi dituenik ere izan da. Askotariko produktuak zituzten eskuragai: eskuz eginiko bitxiak, arropak, bizkotxoak...

Aurtengoan, bi lortu gura izan ditu egitasmoak. Batetik, ohi bezala, GGKEei laguntzea izan du xede; eurentzat dirua lortzeko ekimena da azokarena. Horrez gain, baina, antolatzaileek helburu berri batekin jardun dute, Elkar Hezi Taupadak ekimenaren bueltan. Munduan zehar gertatzen diren "bidegabekeriak" ikusarazten ditu horrek, "herritarrek horien inguruko kontzientzia har dezaten". Era berean, ekimenaren antolatzaileek ikusarazi gura dute "ekintza txiki batek asko laguntzen duela".

Begirada kontzienteak

Esan moduan, Elkar Hezi Taupadak egitasmoaren baitan egin dute aurtengo azoka. Horri lotuta, bada, bestelako hitzorduak ere badituzte martxan; tartean, Begirada kontzienteak bataiaturiko erakusketa. Jada ikusgai dago herriko kultura etxean, eta urtarrilaren 7ra arte egongo da bertara joateko aukera.

Zehatz esanda, gai ezberdinak dituzte jorragai erakusketan–zaborra, arropa, janaria...–. Horretarako, argazkiak erabili dituzte nagusiki. Dena den, gaineratu dute bestelako elementuak ere biltzen dituela erakusketak, "arazoa bisualago" egiteko.

Horren bueltan informazio sakonagoa jaso gura duenarentzat, bestetik, bi bisita gidatu antolatu dituzte datorren asterako: martitzenean eta eguenean egongo da horietaz gozatzeko aukera, 18:30ean hasita. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak