Komertzio txikiak herriko emakumeen bizimoduan izan duen garrantzia aztertuko dute

Txomin Madina Milikua 2017ko abe. 12a, 19:23

Oñatiko emakumeak errekadutan: XX. mendeko etnografia feminista izeneko lanak eskuratu du Oñatiko udalak aurten lehen aldiz banatu duen Selma Huxley Barkham ikerketa beka.

Emakumeen ikusgaitasun sozialean eman den defizitari buelta eman gura dio Oñatiko Udalak herriarekin harreman handia izan zuen Selma Huxley Barkham historialariaren izena daraman bekarekin: "Helburua da emakumeok historian zehar egin ditugun askotariko ekarpenak, orain artean androzentrismoaren ondorioz ezkutuan egon direnak, jasotzea eta herritarren artean zabaltzea", azaldu du Berdintasun zinegotzi Leire Zumaldek gaur goizean egin duten agerraldian.

Bekaren lehen deialdira hiru lan aurkeztu dira. Epaimahaia Oñatiko talde feminista bakoitzeko ordezkari banak, Agurtzane Rincon historialari eta EHUko irakasleak, Berdintasun zinegotziak eta Berdintasun teknikariak osatu dute, eta Irati Garai eta Jone Arrazola antropologo oñatiarrek aurkeztutako ikerketa lana, Oñatiko emakumeak errekadutan: XX. mendeko etnografia feminista izenekoa, aukeratu dute.

Komertzio txikiak, dendetakoak, baina baita etxez etxekoak edo estraperlo bidezkoak ere, ehun urtetan zehar izandako eragina aztertu gura dute ikerketa lan horrekin Garaik eta Arrazolak; batez ere emakumeen bizimoduan eta harremantzean izandako eragina. "Gure hipotesia da emakumeen bizipenetarako sekulako balio soziala izan duen ekarpena egin dutela komertzio txikiek. Benetako balioa eman gura diogu horri, bizipenak jasoaz hori berretsi eta handiz idatzitako historiaren parte dela erakutsi", azpimarratu du Jone Arrazolak.

Inbentarioa eta elkarrizketak

Ikerketa lana egiteko, herrian egondako denden inbentarioa egin gura dute, eta herritarren laguntza eskatu dute horretarako, izan ere izen zerrenda bat bakarrik izan beharrean, argazkiekin eta komertzioetan erabiltzen ziren tresnekin osatu gura dute. Ekarpenak egiteko 688612841 eta 671715321 dira harremanetarako telefonoak. Elkarrizketak dira ikerketaren beste oinarrietako bat, Irati Garaik azaldu bezala: "Emakumeen ahozko ondareari garrantzia eman nahi diogu. Dendariekin eta erosleekin elkarrizketak egitea planteatzen dugu, egunerokotasuneko bizipenak jaso eta bizipen horiei protagonismoa emateko".

Beka moduan 12.000 euro jasoko dituzte ikertzaileek, eta urtebeteko epea izango dute ikerketa burutzeko, bi hilabetez luzatu ahalko dena. Arduradunek argi dute ikerketa lana gizarteratu behar dela, baina jasotako informazioaren arabera erabakiko dute ikerketaren emaitzen berri nola eman herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak