Abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna, baina Oñatiko hiru ikastetxeek Udalarekin batera elkarlanean egitaraua prestatzen dutela kontuan hartuta, gaur izango dira ekintza nagusiak, ikasleek bertan parte hartu ahal dezaten.
Izan ere, guztira, Elkar Heziko, Txantxiku Ikastolako eta Urgain Eskolako 900 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute egun osoko egitarauan. Atzo eman zioten hasiera egitarau zabalari, Makalena elkartean egin zen afari-tertuliarekin. Bertan, Beñi Agirre Nabarraldeko kideak Euskararen iraupenaren misterioa hitzaldia egin zuen. Izan ere, Agirrek Gipuzkoako historia nafarra liburua aurkeztuko du aurten Durangoko Azokan.
Gaur, bestalde, goizean ekingo diote ikasleek egunari. Batxilergoko ikasleek Hozkailua antzerkia ikusiko dute Santa Ana
antzokian, eta, emanaldiaren ostean, Ander Lipus eta Patricia Urrutia aktoreekin solasaldi irekia izango dute. Bazkalostean, 14:45etik aurrera, LH-1 eta LH-6 maila arteko ikasleek Euskaraz Bizi! ekitaldian parte hartuko dute. LH-1
era LH-2 mailetako ikasleek munduko jolasak egingo dituzte kiroldegian eta LH-3 eta LH-4 mailetakoek ginkana kooperatiboa egingo dute kaleetan zehar. Eguraldi kaskarra eginez gero, berriz, kiroldegian egingo dute ginkana. Gainera, LH-5 eta LH-6 mailetako ikasleek Gauargi taldearekin batera dantzaldia egingo dute Oñatiko plazan –eguraldi txarra bada, gaztelekuan–.
Arratsaldeko lau eta erdietan Txantxariak kaleko musikariak ibiliko dira, eta familientzat jolas saio musikatuak egongo
dira azokan. 17:45ean, txokolatea doan banatuko dute ikastetxeetako guraso elkarteek plazan, eta ikasleek euskararen aldeko mezua izango duten bizkotxoak salduko dituzte euro baten truke. Lortutako dirua ikas bidaietarako izango da. 18:00etatik aurrera, gainera, urteroko ohiturari jarraituz, euskal kantuak abestuko dituzte udaletxeko kontzejupean, musika eskolako musikarien laguntzarekin. Eguna amatzeko, berriz, gertatzen den guztiaren berri emango du ikastetxeetako ikaslez osatutako kazetari talde batek, eta informazioa Goienan eta beste hedabide batzuetan zabalduko dute.
Aurten, Oñatiko erabilera datuak aztertu eta ezagutzera eman dituzte, eta "pozteko" modukoak direla azpimarratu du Iñaki Akizuk, Euskara teknikariak: "Zentzu horretan, aurrera goaz. Erabilera datuak lau urtean behin aurkezten ditugu neurketen ondorioz, eta lau urtetik lau urtera emaitzak gero eta hobeak dira. Oñati euskaraz bizi den herria dela erakusten dute, eta hori aldarrikatu nahi dugu. Ekitaldi hauekin, beraz, jai giroan ondo pasatzea eta euskara sustatzen jarraitzea da helburua".
"Uemako herrietan erabilerak behera egin duen sentsazio moduko bat badago, eta nahiko orokortua da. Horren gainean
hausnarketak eta balorazioak egiten ari dira, eta, Oñatiren kasuan, aurrera egiten dugula erakusten dute datuek. Lehendik
euskara dezente erabiltzen zen herrian eta geroz eta gehiago erabiltzen da. Beraz, gauzak ondo egiten direnean, emaitzak ere etortzen dira. Horrela gertatzen ari da Oñatiren kasuan. Guretako, pozteko moduko datuak dira", azaldu du Iñaki Akizu teknikariak.