Saio linbikoak izeneko proiektuan murgilduko da Udal liburutegia estreinakoz; abenduaren 15ean egingo dute lehenengo saioa, 19:00etan hasita. Eta Estankona musikariaren bisita izango da egun horretan. "Lan pedagogikoa egin gura duen egitasmoa da, kulturaren garrantziaz jabetzera bidean", argitu du Jon Gondrak, ekimenaren bultzatzaileak. Horren ostean, beste bi saio izango dira gozagai: otsailaren 16an eta apirilaren 20an. Rafa Rueda eta Eneritz Furiya musikariek jardungo dute saio horietan.
Aipatu beharrekoa da beste inon egin gabeko ekimena dela musika, literatura eta emozioak uztartzearena; Oñatiko liburutegia izango du estreinarako txoko."Bertako arduradunek hasieratik erakutsi digute proiektua dastatzeko interesa. Plazera da Oñatin estrainiatu ahal izatea, kulturalki herri aberatsa baita", azaldu du Gondrak.
Musika, literatura, emozioa...
Egitasmo berritzailea da, hainbat alor uztartu gura dituena. Musikari batek bideratzen du saioa: sei abesti eskaini eta beretzat esangura handikoak diren pasarte literarioak aurkeztuko dizkie parte hartzaileei. Bertaratutakoen emozioak astintzea da helburua. "Emozio bati lotuta egongo da kantu bakoitza. Modu horretan, emozioen munduan barrena bidaiarazi gura zaio bertaratutakoari", argitu du Gondrak.
Bultzatzaileen ustez, bestetik, egitasmoarentzat txoko "egoki" dira liburutegiak: "Ekintza intimoa gura du izan, eta horretarako txoko ederrak dira liburutegiak. Leku zabalago batean zailagoa litzateke helburua lortzea". Oro har, esan daiteke liburutegietarako propioa eraikitako egitasmoa dela.
Eskaintza zabaldu guran
Azkenaldian, Udal liburutegiko eskaintza sorta hedatzeko ahaleginean dihardute arduradunek. "Ohiko hitzorduez aparte, bestelako ekimenak eskaini gura ditugu. Liburutegia ere kultura ekintzetarako espazio da", dio Arantzazu Ibarrondok, liburuzainak. "Harrera ona izaten dute halako egitasmoek; jendea gehiagoren eske datorkigu", gaineratu du.