Eltzia aztergai Gipuzkoako Partaidetzako I. Kongresuan

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko aza. 24a, 15:51

Erdian Nerea Zubia, beste bost udalerrietako eta Foru Aldundiko ordezkariekin.

Partaidetzari lotuta garatu diren praktika egokiak komunean jartzea izan da Tabakaleran atzo egin zen jardunaldiaren helburua. Gipuzkoako Partaidetzako I. Kongresuaren lehen jardunaldia izan zen. Bertan elkartu ziren Oñati, Tolosa, Irun, Urnieta, Hernani eta Donostiako alkate eta zinegotziak, udalerri horietako partaidetza proiektuen berri emateko.

Etorkizuna Eraikiz elkarlaneko gobernantza dinamikaren aterkipean egin zen atzoko ekitaldia. Irekiera hitzaldian, proiektu horien balioa goraipatu zuen Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, argudiatuz “Gipuzkoa eredugarria” eraikitzeko bidean, berrikuntza sustatzen dutela erabakiak hartzerakoan azpimarra “pertsonengan eta herritarrengan” jarriz.

Ildo horretan, “mugarritzat” jo zuen legealdi honetan sortu den Gipuzkoako Herritarren Partaidetzako Erakunde arteko Espazioa. Espazio horrek Aldundia eta lurraldeko udal guztiak elkartu ditu, tokiko esparruan partaidetza politikak adostu eta indartzeko helburuarekin. 

Jardunaldian, beste bost udalerrietako ordezkariekin batera, Oñatiko Nerea Zubia zinegotzia egon zen Eltzia proiektua aurkezten. Han azaldu zuenez, 2013an, lokal baten premia azpimarratu zuten herriko gizarte eta kultur arloetako hainbat elkartek. Behar horretatik abiatuta, proiektu kolektibo zabalago bat abian jartzeko ideia piztu zen, 6.000 metro koadroko espazio hutsa aprobetxatzeko. Elkarte antolatuei ez ezik irabazi asmorik gabeko kolektibo guztiei zabaldu zitzaizkien atea.

Gaur egun, topaketarako, elkarbizitzarako, eta sorkuntza partekaturiko espazio gisa definitu daiteke Eltzia, autogestio osagai nabarmen batekin, erabiltzaileak baitira eguneroko kudeaketaz eta eraikinaren zaintzaz arduratzen direnak. 40 kolektibo eta 500 erabiltzaile dauzka, eta milioi bat euro inbertitu da orain arte.

Beste bost udalerrietako proiektuen berri jakiteko egin klik hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak