Datorren eguaztenean, azaroak 29, hamabost urte beteko ditu Turismo Bulegoak, eta ospakizun berezia antolatu dute egun horretarako. "Gonbidatuta daude turismoarekin lotura duten herriko agente guztiak. Hau da, ostalariak, dendariak, gidariak, bertako produktoreak eta herritar guztiak. Eurekin egon gura
dugu, urteurrena ospatu eta hemendik aurrera ditugun asmo eta erronkez berba egin", azaldu du Ikerne Altubek, Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziako arduradunak.
Erakusleihoa
Egungo Turismo Bulegoak hamabost urte beteko baditu ere, duela 27 urte zabaldu zuten lehen Turismo Bulegoa Oñatin. Ordutik hona lanean ibili direla dio Altubek, eta emaitza onak lortu dituztela ere bai. Gaineratu du hemendik aurrera ere asmo berak dituztela, baina baita erronka berriak ere. "Adibidez, gaur
egun Internet bidez hartu daiteke tokia herrian bisita gidatu bat egiteko, edo Arrikrutz kobak ikusteko sarrerak. Orain, horrekin batera, herrian bazkaltzeko edo lo egiteko erreserba ere eskaini gura dugu; Oñatira datorrenari, dena batera aurrez hartzeko aukera eskura ematea, erraztea. Eta hori laster jarriko
dugu martxan".
Bertako produktoreekin batera lan egiteko asmoa ere bada beste erronketako bat. Herriko
produktuen erakusleiho bat ere izango da aurrerantzean Turismo Bulegoa. "Gaur egun baditugu herrian egiten diren produktu batzuk salgai, baina beste asko egiten dira, eta horiei ere egin gura diegu tokia. Adi
bidez, txakolina, gazta eta eztia. Produktuak izango ditugu, baina turistari erakutsi gura diogu non egiten diren produktu horiek. Adibidez, txakolina, gazta, ogia eta eztia egiten diren baserrie tara joateko aukera eskaintzea eta produktorearekin harremanetan jartzea", azaldu du Ikerne Altubek.
Lehenengoa
Duela 27 urte Foruen plazako arkupeetan zabaldutako bulego batean hasi ziren turismoaren gaineko informazioa ematen. Egun gaztelekua dagoen eraikinean egon zen ondoren urte batzuetan, eta azken hamabost hauetan San Juan kalean dago, San Juan errotaren interpretazio zentroa osatuz. Debagoieneko lehen Turismo Bulegoa izan zen Oñatikoa eta kalitatezko Q ziurtagiria duen bailarako bakarra da.
Eguazteneko ekitaldi herrikoiarekin hasi eta abenduan egingo dituzten bisita bereziekin bukatuko dituzte ospakizunak.