"Musika amerikarraren influentzia du diskoak"

Iker Oñate 2017ko aza. 24a, 12:04

Dena ez dago aurreikusita. Eta hori agerian gelditzen da Juan Valls musikari oñatiarraren istorioarekin: Glasgown (Eskozia) igarotako udako oporraldian grabatu zuen argitaratu berri duen lana. Eta esperientziak utzi du aztarnarik disko berrian; La Chunky Sessions bataiatu du –grabazio leku izan zuen La Chunky estudioa–. Izan ere, domekan eskaini zuen aurkezpen birako azken emanaldia, Oñatiko Patrue kalean. Horren bueltan, egitasmo berriaz jardun du Vallsek.

La Chunky Sessions bataiatu duzu lan berria.

Hala da. Horrek grabazio lekuari egiten dio erreferentzia; esperientzia berezia izan zen disko berriaren grabazioa. Alegia, Glasgowra joan nintzen uztailean, lagun bati bisita egiteko asmoarekin. Soil horretan. Dena den, arrazoiak arrazoi, bidaia horrek eman zuen fruiturik: abesti batzuk grabatzea erabaki nuen bertako La Chuncy estudioan, Johnny Smillie teknikariaren laguntzarekin. Hortik diskoaren izena. Horrez aparte, kontzertu batzuk ere eskaini nituen zonan. Aurreikusi gabeko esperientzia izan zen.

Beraz, musikari senak ez du atsedenik hartzen...

Nire kasuan ez. Eskozia toki ederra da musikariontzat. Bada, hainbat kontzertu eskaintzea erabaki nuen uztailetik abuztura bitartean. Bertan, beste hainbat bakarlarirekin batera jardun nuen agertoki gainean; guztira, sei kontzertu eskaini nituen. Badirudi Eskozian oso erroturik dutela musikaren kultura, jende asko joaten baita emanaldietara. Gainera, kontzertua amaituta, hor dirau ikus-entzulearen eta musikariaren arteko harremanak; kantuen inguruko galderak egiten dizkizute, besteak beste. Interesgarria da hori.

Eta zer-nolako diskoa da?

Lan naturala dela esan daiteke. Oso analogikoa da, instrumentu guztiak batera grabatu nituelarik, zuzeneko emanaldia balitz bezala, neurri batean. Estiloari gagozkiolarik, bestetik, musika amerikarraren influentzia nabari da kantuetan; folk eta rock kutsua dute horiek. Batez ere, gitarra eta ahotsa dira protagonista, eta harmonika ere entzun daiteke tarteka.

Abeslari orok izan ohi du diskoan kantu kutunen bat. Zein da zurea?

Guztiak ditut gogoko. Baina, bat aukeratzekotan, Marital Song aipatuko nuke. Oso identifikaturik sentitzen naiz abestiarekin; oso nirea da. Bide horretan, ezin uka kontzertuetan ere gustura dihardudala kantuarekin. Finean, esan daiteke nahiko abesti imajinarioa dela. Harremanen inguruan dihardu; harremanak, zentzu zabalean, erlazio sentimentaletara mugatu barik. Beraz, ez da istorio konkretu batera mugatzen, hori baino orokorragoa da.

Kontzertuetan hainbat musikariren laguntza ere izaten duzu, ezta?

Hala da. Bakarlari dihardut, baina, sarri, instrumentu berri bat sartzea eskatzen dute abestiek. Bide horretan, kantuak sortzean, horrentzat egoki liratekeen musika instrumentuak aukeratu beharra izaten da. Batzuetan, ez dator gaizki zuzeneko emanaldietan diskoan ez dauden instrumentuak erabiltzea. Gainera, ongi ezagutzen dudan jendea izaten da kontzertuetan esku hartzen duena; beraz, ondo ulertzen dugu elkar. Garrantzitsua da hori, duda barik.

Eta aurrera begira zer?

Gaur-gaurkoz, urtea amaitu artean ez dut emanaldi berririk aurreikusita; urtarrilean berrekingo diet kontzertuei. Hori bai, bien bitartean, diskoa eskuragarri izango da Oñatiko Boga, Pako eta Txaketua tabernetan. Bestetik, interesa duenak emanaldietan ere izango du diskoa eskuratzeko aukerarik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak