Horretarako, arlo guztietan politika "parte-hartzaile eta transbertsalak lantzea" proposatu dute. Lau ardatz estrategiko nagusi dituzte jeltzaleek: pertsonen ongizatea, kirola eta osasuna, sozioekonomia eta herri biziaren garapena.
Pertsonen ongizatea ardatz hartuta, segurtasuna eta bizi kalitatea hobetu eta bermatzea proposatu dute bizikleta eta patineteen arautegia landuta. Horrez gain, Olakua auzoko irisgarritasuna hobetzea eta Bidaurreta-Olapotoko argiteria hobetzea ere proposatu dute.
Osasuna eta kirola
Osasuna eta kirola alorrean, adin guztietara egokitutako kirol osasuntsua sustatzea da jeltzaleen helburua. Ritxar Fernandez zinegotziak azaldu du kirola kanpoan egin ahal izateko eremuak sortzea eta atontzea dela jeltzaleen proposamena; besteak beste, igerileku irekia, San Martinen korrika egiteko bidea egokitzea eta Urrutxun atletismo pista egokitzea.
Urteko kultura sariak
Herri bizi eta parte-hartzailea eraikitzeko helburuaz proposatu dituztenen artean, urteko kultura sariak sortzea dago. Horrez gain, euskararen erabilera sustatzeko proposamena ere badute: Oñatiko hiztegia mugikorretik kontsultatu ahal izateko app-a sortzea.
Marijo Etxegoien zinegotziak "gazteen autonomia sendotzeko beharra" nabarmendu du. Horretarako, 14 eta 20 urte bitartekoen artean gazte plana egiteko azterketa egitea proposatu du. "12-18 urteko gazteendako mota ezberdinetako udaleku irekiak antolatzea -antzerkia, musika, teknologia...- eta 14-20 urte bitartekoendako ikastaroak sustatzea proposatzen dugu" gehitu du.
Nekazarien beharrak
"Tokiko sozioekonomia landu eta garatzea" da jeltzaleen beste ardatz estrategiko bat. Horren baitan, nekazarien lana herriko jarduera ekonomia ere badela nabarmendu dute, eta hori dela eta "sektoretik jasotako beharrei erantzuna" eman behar zaiela. Gainera, komertzioa garai berrietara egokitzeko teknologietan egokitutako programak eskaintzea proposatu dute.