Bederatzi hamarkadako historia soinean

Iker Oñate 2017ko aza. 10a, 16:03

Txaketua gaineko lokal bat izan zen Txantxiku Txokoren lehen egoitza.

90 urte bete ditu herriko elkarte zaharrenak: Txantxiku Txokok. Askorako bide ematen du bederatzi hamarkadako historiak, eta herrian ere badu islarik bertako jardunak. Bihar ospatuko dute elkartearen urtebetetzea, berbaldia eta afaria eginda.

Gertakizunak gertakizun, 90 urteko historia daroa soinean Portu kaleko Txantxiku Txoko elkarteak. Asko dira urte horietan guztietan izan dituen bazkideak; lau, izandako egoitzak. Bada, halakoak izango dituzte berbagai bihar, urtebetetze ospakizunean. Bi dira egunerako antolatu dituzten hitzordu nagusiak: Jesus Murgiondoren berbaldia –atzera begirakoaz– eta afaria. Tartean, Felix Arregi ere omenduko dute; bazkide zaharrena da, 92 urterekin.

"Euskal Herri mailan, elkarte zaharrenen artean dago Txantxiku Txoko. Askorako bide ematen du 90 urteko historiak, eta pasarte interesgarri ugari daude tartean. Horien inguruan jardungo dut", argitu du Jesus Murgiondok, elkarteko bazkideak.

Lau egoitza, orain artean

1927ko urriaren 4koa da elkarteari erreferentzia egiten dion lehen dokumentua. Zehatz esanda, bere sorrerarako egin beharreko ekarpen ekonomikoaren inguruan dihardu. "25 pezetako ekarpena egin behar izan zuen bakoitzak. Beraz, esan dezakegu jauntxoen elkarte zela; medikuak, abokatuak eta enpresariak zeuden tartean", azaldu du Murgiondok. Batez ere, herriko boxeozaleen ekimenez sortu zen elkartea, elkartzeko toki beharra zuten. Bada, Txaketua gaineko lokal bat hartu zuten errentan; eta bertan egon ziren 1969. urtera bitartean. "Etxebizitzak egin behar zituztela eta, egoitza utzi beharra izan zen", argitu du Murgiondok.

Aipatu beharrekoa da, bide horretan, gaurko lokala euren egin arte, bazkideek beste bi egoitza izan zituztela: Ona Hoteleko solairu bat eta Aloña zinema areto azpiko lokala. Azkenean, bada, 1999an lekualdatu zituzten egun duten egoitzara, Portu kalera.

Txantxiku Txoko eta kirola

Txantxiku Txoko hertsiki loturik egon da herriko kirolarekin. Zehatz esanda, ziklismoa eta pilota izan ditu jardunbide nagusi. "Ziklismo proben antolakuntzan esangura handia zuen Txantxiku Txokok. Esaterako, Arantzazuko igoera eta munduko ziklo-kros txapelketa antolatzen genituen", dio Murgiondok.

Horrez gain, esan bezala, pilotaren bueltan ere jardun zuen elkarteak. "Herriko pilota taldea sortu genuen, Txantxiku Txoko izenpean", dio. Ostean, Aloña Mendi kirol elkartea sortu zen, eta bere gain hartu zuen pilota taldearen ardura. Beraz, Txantxiku Txokok zeresana du Aloña Mendiren historian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak