Jende ugari bertaratu da gaur iluntzean Santa Ana aretora aurtengo Musikegunak zikloko lehen hitzordua izan den Khami World Sounds emanaldiaz gozatzera, beste batzuetan baino gehiago, Nerea Zubia kultura zinegotziak azaldu duenez. Izan ere, Zubiak azpimarratu duen moduan, bertako musikariak eta izen ezagunak izan dira gaur taula gainean aritu direnak, eta horrek jendea erakarri omen du. Iñaki Salvador, Garikoitz Mendizabal, Kike Arza, Luis Jimenez, Iraide Ansorena eta Carlos Sagi dira taldea osatzen duten musikariak.
Kontzertu instrumentala eskaini dute, eta, euren asmoa euskal kulturak munduko beste kultura batzuekin dituen parekotasunak aurkeztea izaki, hainbat musika eta instrumentu mota nahastu dituzte, tartean, jazz-a, boleroak edota musika kubatarra, adibidez.
Gainera, dantzak ere izan du bere protagonismoa gaurko emanaldian. Izan ere, taldearen musika pieza pare batean Gari Otamendi dantzaria taularatu da, ikuskizunari beste ukitu bat emanez eta berau borobilduaz.
Hala, ikuskizun "polita" eta "gustura ikustekoa" izan da, Zubiaren hitzetan, eta ikusleen partetik ere oso harrera ona izan ei du, txalo zaparrada eskaini dietelarik protagonistei eta ikuskizunaren bukaeran horiek zoriontzeko tartea ere hartu dutelarik zenbaitek. Hortaz, hasiera paregabea izan du 2017ko Musikegunak ekimenak.
Hurrengo emanaldia
Hurrengo hitzordua datorren domekan izango da, azaroaren 12an, 19:00etan, gainontzeko emanaldi guztietan bezala. Alos Quartet soka taldeak Garden ikuskizuna taularatuko du Aukeran dantza konpainiarekin elkarlanean. Hortaz, dantzak ere pisu nabarmena izango du aurtengo Musikegunak zikloko bigarren ikuskizun horretan. Gainera, Garden ikuskizunean ere fusioak protagonismo nabarmena izango du.