Eguraldi kaxkarrari aurre eginaz, hamabost lagun inguru elkartu dira goizean Oñatin erreka garbitzeko. Erreka bera nahiko hazita zegoela eta ezin izan dute uretan asko barneratu, eta batez ere bazterretako plastiko zatiak eta landare inbaditzaileak kentzen ibili dira, lehenengo herrigunean eta gero Zubillaga auzoan.
Erreka garbiketan parte hartu duen Natur Eskolako kide Maite Murgiondoren esanetan, bolumen txikiko zaborra jaso dute gehienbat: "Azken urteetan urtero egin denez garbiketan, bolumen handiko hondakin gehienak kenduta daude". Arrazoi beragatik, landare inbaditzaileen kasuan ere, beste urte batzuetan baino gutxiago kendu dituzte. Jasotako hondakin eta landareak Foruen plazan jarri dituzte ikusgai.