Duela zortzi urte inguru hasi zen Juan Martin Elexpuru bergararra maiatzean argitaratu zen Euskararen aztarnak Sardinian? izeneko liburua idazten, eta bertan, beste batzuek zabaldutako bidean sakondu du: “Aurretik beste hizkuntzalari batzuk, batez ere Eduardo Blasco Ferrer kataluniarra, konturatu ziren toponimian asko zirela euskararen antza zuten izenak, eta hori ezin zitekeela kasualitatea izan. Nik horri jarraitu diot eta batez ere toponimia handia eta txikia aztertu ditut. Besteak beste, Euskal Herriko 300 leku izen berdin-berdinak daude sardinian, eta mapan kokatu ditut”. Bi hizkuntzen antzekotasunak ez dira toponomiara mugatzen, Elexpururen esanetan: “Sardinieran berba mordoxka bat daude euskararen antzerakoak, 30 inguru. Hemengo gorosti, esaterako, golostiu da han”.
Euskal Herriaren eta Sardiniaren artean itsaso bat ere badagoela aintzat hartuta, nola da posible hori? “Zaila da hori azaltzea. Hipotesia da Neolitikoaren hasieran, klimak hobera egin eta glaziazioa amaitzean, Euskal Herritik eta Akitaniatik migrazio bat egon zela Sardiniara. Beste leku batzuetara ere bai, baina Sardinia menditsua denez ez da konkista handirik egon bertan, eta ondorioz, nahasketa ere txikiagoa izan da eta aztarna gehiagok iraun dute”, dio bergararrak.
Orain arte egindako ikerketen errepasoa, Sardiniaren historia, toponinmiaren azterketa, bi genetistaren ikerketak… batu ditu Elexpuruk bere liburuan. “Ez da adituendako liburua”, azpimarratzen du idazleak, “edozeinek irakurtzeko moduakoa baizik”.