'Cowork'-a: Lanerako eta elkar ezagutzeko gunea

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko aza. 3a, 13:42

Olakua auzoko dorretxean egokitu du udalak 'cowork' gunea.
Oñatiko Olakua dorreko lehen solairua ekintzaileak elkartu eta euren proiektuak elkarren arteko laguntzarekin gauzatzeko gunea izango da astelehenetik aurrera. Beheko solairuan, berriz, formakuntza eskaintzeko gunea egokituko dute. 

Ekintzaileendako gunea izango da datorren astetik aurrera Olakua dorreko lehen solairua. Sei mahai daude, baina proiektura batzen diren herritarrek eurek aukeratu ahal izango dute lan egiteko ordutegia, eta, hala, hamabi lagunendako tokia ere egon daiteke hor.

Olaburu eta dorrea

Proiektua martxan jartzen laguntzeko Olaburu zentroa ere badu Udalak herriko ekintzaileendako. Azpiegitura horrek negozioa martxan jartzeko lokala eskaintzen dio interesatuari, alokairu baten truke. Olakua dorreko cowork guneak, baina, beste xehetasun bat du. "Elkarlana sustatzeko gune bat da eta ez da mugatzen proiektuaren hasierara. Esaterako, dagoeneko lanean ari diren autonomoendako tokia ere badago hemen. Espazio partekatu bat da, elkar ezagutzeko eta proiektuak gauzatzeko. Gune batek ez du bestea baliogabetzen, osagarriak dira Olaburu eta Olakua dorreko cowork gunea", azaldu du Unai Kortabarriak, Udaleko Enplegu teknikariak.

Bi gune

Bi erabiltzaile motari zuzendutako espazioa izango da Olakua dorrekoa, Kortabarriak esan duenez: "Enpresa bat sortu barik ideia bat buruan duen ekintzailea, batetik, eta alta emanda dagoen autonomo profesional bat, bestetik".

Eskaerak jaso eta Enplegu batzordeak onartu ostean kontratuak sinatuko dira, eta baldintzak ezberdinak izango dira. Ordutegia, esaterako, partekatua edo osoa izan daiteke eta horrek ere baldintzatzen du prezioa. Orain arte bi lagunek egin dute gunea erabiltzeko eskaera, baina izena emateko eperik ez dago, edozein momentutan egin daiteke. "Oinarrietan puntuazio handiagoa dago jasota oñatiarrendako, baina kanpokoek ere egin dezakete eskaera", zehaztu du Enplegu teknikariak.

Cowork gunean sei mahai eta Internet konexioa daude. Ekintzaileak berak eraman beharko ditu lanerako tresnak. Beheko solairuan erabilera askotariko gela egokitu dute; helburua da formakuntza saioak egitea han.

Martitzenean

Inaugurazioarekin bat eginez, Udalak MUko Enpresagintza Fakultatearekin antolatutako ekintzak ere egingo dituzte datorren astean. Martitzenean, ekintzaileak elkartu, elkar ezagutu eta dituzten beharrei buruz elkarrekin hausnartzeko jardunaldia egingo dute fakultatean, 17:00etatik 19:30era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak