Amets bat, bizikleta bat, eta bizitzeko modu bat

Miren Arregi Amasorrain 2017ko urr. 27a, 15:21

Azaroaren 19an bukatuko du Alvaro Neil asturiarrak Oviedon 2004n hasi zuen munduari bira emateko proiektua. 200.000 kilometro egon ditu bizikletaz, bost kontinenteetan barrena. Etxera bueltako bidaian, Oñatin egin du geldialdia.

Bidaiaria da, abenturazalea, pailazoa, idazlea, sortzailea, kirolaria, nomada... Baina, batez ere, bere ametsak egia bihurtu dituen gizona da Alvaro Neil asturiarra.

2004ko azaroaren 19an, bizikleta hartu eta munduari bira emateko asmoarekin atera zen Oviedotik, jaioterritik. Hamabi urte geroargo, atera zen egun berean amaitutzat emango du bidaldia, "modu naturalean" bukatuko dena, eta "aurreikuspen guztiak gainditu dituena". Oviedora bidean, Neilek Oñatin egin du geldialdia, 80 kiloko bizikleta aldean. Hamahiru urte hauetan bizitakoak kontatu ditu Santa Ana antzokian egindako hitzaldian.

Pailazo bidaiaria

Alvaro Neilen munduari birak badu ahaztu ezinezko osagai bat. Izan ere, ikasketaz abokatua bada ere, sortzez pailazoa da asturiarra. Hala, sudur gorria eta umorea lagun egin ditu bost kontinenteak zeharkatuz 200.000 kilometroak. "Hego Amerikan barrena 2001 eta 2003. urteen artean egin nuen bidaia bat da 2004an hasi nuen beste honen abiapuntua", dio. Kilometros de Sonrisas izena ipini zion Hego Amerikan barrenako esperientziari. 2004an hasi zuenak Miles of Smiles Around the World izenburua hartu zuen. Tarte honetan, ehunka izan dira zeharkatu dituen 115 herrialdeetan clown bezala egin dituen ikuskizunak. Gainera, sei liburu eta bost dokumental egin ditu.

Onak txarren gainetik

Egunean 10 eurorekin bizi izan da Neil denbora honetan guztian. Jendeak etxean hartu du batzuetan; beste batzuetan, tokirik sinesgaitzenetan pasatu behar izan du gaua. "Hilerrietan, basoan, espetxean, eskoletan, eliza eta meskitetan, baita bost izarreko hoteletan ere". Bide honetan guztian lagun izan du jende abegikorra, eta ez du ahazteko Afrika: "Hospitalitatearen kontinentea da", dio.

Baina txarrak ere izan ditu bidean; izan ere, zazpi bider egon da hilzorian. "Suge bat, istripu bat, malaria...". 2011ko Japoniako tsunamia hura han zegoela gertatu zen. Hala ere, onek txarrak gainditu dituzte zalantza barik: "Bizitza disfrutatzeko egina dago. Ametsek ematen diote zentzua bizitzari. Nik bat bete dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak