Kirol instalazio eta ekipamenduetan Oñatin dituen gabeziak identifikatu eta proposamenak egiteko lanean aritu den Talde Eragileak aurkeztu ditu prozesuaren emaitzak. Atzo, eguena, egin zuten, udaletxean, ondorioen aurkezpena, eta bertan parte hartu zuten Talde Eragileko eta udaleko ordezkariek. 2016ko abenduan ekin zion lanari taldeak. Hamar herritarrek parte hartu dute modu egonkorrean eta hamar lan-saio egin dituzte, herriko kirol azpiegituren plangintza egiteko inbertsio-lerro nagusien balorazio eta proposamena lantzeko. Aipatzekoa da proposatutakoa, hitzak dion moduan, kirol instalazioetan Udalak egingo dituen inbertsioen erabakitze prozesurako proposamen bat dela, ez dela loteslea.
Zubikoa kiroldegia
Talde Eragileak landutako txostenak lau proposamen orokor landu ditu. Lehenengoa da Zubikoa kiroldegian egin beharreko inbertsioa. "Prozesuak argi eta garbi utzi du inbertsio handia egin beharko litzatekeela igerileku inguru osoan eta hezegunean". "Herritarren ikuspegitik nekez justifika daiteke igerilekua ez handitzea eta ur bolumena ez handitzea", gaineratu dute. Proposatu dutenez, zabaltze horrek hainbat aldaketa ekarriko lituzke: harrera, bulegoak eta jarduera aretoetan. Beste bloke batzuetan ere esku hartzeko premiak hauteman ditu taldeak; kantxa berdean eta pilotalekuan, bigarren tenis pistan eta kantxa urdinean... Hala, Zubikoa Kiroldegirako esku hartze osatu bat proposatu du taldeak.
Kaleko ekipamenduak
Arlo horretan, "ekipamendu eta instalazio irekien gabezia" hauteman du taldeak. Hala, Urrutxuko kirol espazioa egokitzea proposatu dute, "bereziki, atletismoarekin, patinatzearekin eta txirrindularitzarekin lotutako jarduerak egiteko". Kirol espazio irekiak estaltzea ere badago taldeak egindako balioespenean: plazako pilotalekua, Olaiturriko espazioa eta Errekaldeko kirol espazioa aipatzen dira atal horretan. Hiru aukeretatik, Olaiturriko espazioa estaltzea balioetsi du gehien taldeak, "aukera handia ematen baitu bertan hainbat jarduera egiteko: kirol jarduerak eta jarduera fisikokoak, kultur jarduerak eta bestelakoak".
Azkoagainen bi inbertsio
Azkoagain futbol zelaian hautemandako arazoei irtenbidea emateko "bi oinarrizko inbertsio" proposatu ditu Talde Eragileak. Bata da aldagelak egokitzea, "gutxieneko kalitatea izateko eta entrenamendu zein partiden ostean ur beroa, gutxienez, ziurtatuta izateko". Bigarrena da zelaia berritzea, "10 urteko balio bizitza izaten baitu". Aurrekontu handi samarra edukiz gero, harmailak hobetzea eta estaltzea ere proposa liteke", gehitu dute txostenean.
Larrañan esku hartzeak
Larrañari dagokionez, zelaia berritzea proposatu dute. "Instalazio honek beste instalazio batzuk arintzeko edo beste jarduera batzuk egiteko duen ahalmena interesgarria da", adierazi dute taldeko kideek.